Ikasteko zein amesteko literatura
Betzaida Urtatza Elizburu legorretarrak ‘Braveness ahizpak eta altxorra’ lana argitaratu du, berak sortutako Amesgile argitaletxearekin. «Familia da daukagun altxorrik onena»
Pandemia garaian idatzita zituen edo idazteko zituen ideiak plazaratzeko grina piztu zitzaion Betzaida Urtatza legorretarrari. Bere istorioak argitaratzeko argitaletxeekin harremanetan jarri eta erantzunik jaso ez zuenez, bere kabuz egitea erabaki zuen, eta hala sortu zuen Amesgile argitaletxea. 2020tik hamabi lan argitaratu ditu Amesgilek, gehienak haurrei zuzenduak. Bere azken lana, aurtengo lehenengoa, Braveness ahizpak eta altxorra liburua da.
Urtatzaren helburua, berak azaldu bezala, istorioak kontatzetik harago, kontzientzia sortzea eta ametsaraztea da. «Nik nahi dudana da haurrek, ikasteaz gain, ondo pasatzea eta amestea. Ikasi dezatela nahi dut: natura zaintzea, beldurrei aurre egitea, emozio guztiak onartzea, musuak eta besarkada eman behar ditugula zabaltzea…». Hori da Amesgileren nortasuna, eta azken lanean ere islatu du.
Mitologiatik gaur egunera
7-8 urte arteko haurrei zuzendutako liburua da Braveness ahizpak eta altxorra, minuskulaz, baina letra gutxirekin. Hiru ahizpa dira protagonistak. Mapa bat topatuko dute, eta altxorraren bila joango dira. «Honen irakaspena da familia dela daukagun altxorrik onena». Margherita Grasso ilustratzaileak egin ditu ilustrazioak. Udazkenean, berriz, Mahare azkarra liburua argitaratu zuen, Euskal mitologiaren bueltako zortzi liburuz osatutako bildumako lehena. Urtero bat argitaratuko du, Euskal Herriko zazpi eskualdeak banaka landuz. Zortzigarrena, Euskal Herri osokoa izango da. «Bakoitzean gaur egungo gai bat landuko da, euskal mitologiarekin uztartuta». Mirari Sagarzazu ilustratzailearekin egin du lan eta segiko du bilduma osatzeko.
Eskuragarri daude
Amesgileren webgunean eros daitezke liburuak, eta baita hainbat dendatan ere: Legorretan, Goxo-goxon eta Bizin; Ordizian, Kixketen eta Elikalekun; Beasainen, Mirentxun; Zumarragan, Legazpi dendan; eta Legazpin, Apatxon eta Hizkuntzan.
Amesgile. Argitalpenak
2020an. Haur literatura: Amalia eta espaziorako bidaia eta Burrunba txoria.
2021ean. Haur literatura: Gaua, Maria eta Amlaren mundu harrigarria eta Malen eta itsas izarra.
2022an. Haur literatura: Musuak eta besarkadak, Ilma amonaren sekretua (Elsaren abenturak), Plastiko gehiagorik ez eta Mahare azkarra. Literatura: Maisha eta Korapiloak.
2023an. Haur literatura: Braveness ahizpak eta altxorra.