Loinazko San Martin parrokiaren historia jaso dute testigantzen bidez
Parrokiaren 50 urtemugaren barruan antolatu dituzten ekimenen artean, argazki erakusketa ikusgai dago Igartzan. Ikus-entzunezkoa eta liburua labean daude.
Urteurren borobila bete zuen iaz Beasaingo Loinazko San Martin basilikak; parrokia izaera lortu zuela 50 urte bete ziren, apirilaren 2an. Urtemugaren aitzakian, auzotar talde batek ekimen sorta antolatu zituen. Parrokia eguna, adibidez, urtemugaren egunean ospatu zutena, egun handia izan zen, urte hauetan guztietan auzoarekin eta parrokiarekin lotura izan duten pertsona ugari elkartu zituelako. Parrokiaren eta haren inguruan izan diren bizipenak jaso eta auzotarren lana balioan jartzeko lana egiteko konpromisoa ere hartu zuen talde honek. Hain zuzen ere, pasa den ostegunean ikusi ahal izan zen lehenengoz, parrokia honen, auzoaren eta Beasain beraren ondarearen gordailu izango den ikus-entzunezkoa.
Ikusmin handia sortu zen, Igartza Jauregiko areto nagusia bete egin zen. Loinazko auzotarrak eta San Martingo parrokiarekin loturaren bat izan duten herritarrak ziren batik bat. Aurkezpenaren eta ikus-entzunezkoaren emanaldiaren aurretik baina, Igartzako burdinolan ikusgai dagoen argazki erakusketara bisita egin zuten. Erakusketa hori, parrokiaren urtemugan inauguratu zen, baina egoki ikusi dute erakusketa herrira hurbiltzea. Argazki erakusketa honekin, baita ikus-entzunezkoarekin eta liburuarekin, «50 urteak, bertan aritutako jendea gogoratzea eta haiei errekonozimendua egitea da helburu», hasi zen kontatzen Aritz Urien eliztarrak Erakusketa herrira hurbiltzearekin berriz, «elizak berak badu gaur egun herrira hurbiltzeko premia eta horretarako ere balio dezan nahiko genuke, etorkizunean ere beasaindar guztiek parrokia hurbil eta irekia senti dezaten, sinistun izan edo ez», jarraitu zuen Urienek, hurrengo hitzartzeen aurretik.
Argazki erakusketa, igandera arte egongo da zabalik (astegunetan 18:00etatik 20:00etara eta larunbatean eta igandean 11:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara).
Testigantzak
Felipe Davila argazkilari urretxuarrak egindako lana da ikus-entzunezkoa. Parrokiaren historiaz harago, «auzotarren eta parrokiaren inguruan izan diren pertsonen testigantzak jaso nahi izan ditugu», aurreratu zuen egileak berak mamiaren inguruan. Lan «handia» izan dela aitortu zuen, «grabazio ordu asko izan dira guztia jasotzeko, lan gogorra izan da, baina aberasgarria ere», borobildu zuen. 40 minutu inguruko ikus-entzunezkoan laburtu du jasotako materiala.
Jarraian, Ana Mertxan kazetariak hartu zuen hitza, liburua idazteko ardura hartu duena. Luze mintzatu zen, lotura emozionala ere sakona baita harentzat. «Labean dago, beraz, laster izango dugu esku artean», iragarri zuen bestelako xehetasunetan sartu baino lehen.
Jarraian, berantzat «erronka handia» izan dela kontatu zuen; «proposamena jaso nuenean, beldur pixka bat eman zidan, buruari buelta asko eman nizkion, loa ere kendu zidan lehenen gau hartan, baina aukera oso polita zelakoan, baiezkoa esan eta ilusio handiarekin heldu nion», aitortu zuen. Ez zen edonolako lana Mertxanentzat, izan ere, «auzoan jaiotakoa» da, «nahiz eta duela urte asko ez naizen han bizi» argitu zuen. Libururekin hasi aurretik, Parrokian izan zen azken aldia «aitaren elizkizunean izan zen», beraz, emozioak ere dantzan jartzen zizkion.
Hausnarketa «sakona» egin zuela kontatu zuen, «nola egin, zer idatzi,…errespetu handia sortzen zidan», eta halako batean, etorri zitzaion argia; «Loinazko San Martin izan da auzolana, bokazioa, maitasuna, errespetua,…». Hortik abiatuta hitz horien esanahi zabalena jaso du liburuan.
Apiriletik aurrera salgai jarriko dituzte inguruko liburu dendetan.