"Oso garrantzitsua izango da ahozko memoria nire lanean"
Igartubeiti baserriak Gari Aranbarriren esku utzi du Ars Natura proiektua. Landa eremuko bizimoduaz hausnartuko du, okupa mugimendua ardatz hartuta. Diziplina ezberdinak nahastuko ditu.
Igartubeiti baserriak Gari Aranbarriri (Azkoitia, Gipuzkoa, 1997) esleitu dio Ars Natura egonaldia. Proiektuaren helburu nagusia landa eremuan bizitzeko modu berrien inguruko hausnarketa egitea. Zerainen ikerketa, otsailaren 13tik martxoaren 19ra arte.
Zer nolako proposamena aurkeztu duzu?
Instalazioa, bideoa eta idazkera uztartuko dituen zerbait izango da. Oraindik zehazteke daukat, Zeraingo herritarrek kontatzen didatenak ere azken emaitzan pisua eduki behar baitu.
Zein izango da gaia?
Okupazioaren gaia izango da instalazioaren ardatza. Familiako lagun batzuk kontatuta dakit 1970. hamarkadatik aurrera Gipuzkoan hainbat lagun taldek baserriak okupatzeari ekin ziotela, bizitzeko modu berriak aldarrikatzeko. Mugimendu hark pentsamendu antikapitalista zuen oinarrian, eta politikoki ni ere ukitzen nauen gaia da. Zeraingo jendea ezagutzea da nire asmoa, Goierrin garai hartan zer nolako esperientziak eman ziren jakiteko eta abar.
Erronka bat da zuretzat?
Artista batentzat sormen prozesua normalean bakarkakoa izaten da, baina kasu honetan kolektiboagoa izan behar du. Erronka izango da niretzat zentzu horretan. Dena den, oso garrantzitsua izango da ahozko memoria nire lanean.
Aurkeztutako lan guztien artean zurea izan da aukeratutakoa. Espero zenuen?
Ez. Proiektua deialdiaren azkeneko egunetan aurkeztu nuen, eta sorpresa izan zen astelehenean jakinarazi zidatenean. Oso pozik nago. Banuen gogoa Gipuzkoan egonaldi artistiko bat egiteko. Izan ere, azkoitiarra naizen arren, orain Bilbon bizi naiz.
Artearen Historian lizentziatua zara. Zein izan da zure ibilbidea artearen munduan?
Artearen Historiako goi mailako ikasketak egin nituen Gasteizen, eta gero Arte Teknologikoko master bat egin nuen Bilbon. Arte plastiko eta bisualetara salto egiteko aukera eman zidan masterrak, nahiz eta aurretik ikus-entzunezko zenbait lan eginda nituen. Beti piztu izan du jakin mina nigan.
Lehen egonaldia izango duzu?
Dagoeneko pare bat egonaldi egin ditut Euskal Herrian zehar. Oraingo nire praktika instalazio, bideo eta idazkeraren inguruan oinarritzea nahiko nuke.
Proiektu hau orain lau urte hasitako lan bati berriz ekiteko aitzakia dela esan duzu.
Gasteizen dagoen okupatutako auzo baten inguruko ikus-entzunezko batean lanean hasi nintzen orain lau urte, lagun bati laguntzen. Mugimendu autonomoei buruz irakurtzen hasi nintzen gaiak erakarrita, baina arrazoi akademikoengatik alde batera utzi behar izan nuen.
Zer iritzi duzu proiektuaz?
Egonaldi artistiko bat Zerain bezalako herri batean egitea oso aberasgarria izango da, normalean, horrelako ekimenak hirietan egiten baitira. Pertsonalki aldaketa eragingo du nire egiteko moduetan eta hori beti da positiboa. Kultur arloari dagokionean ere, aldaketa positiboa da.