Nafarroako Ollo bailarara irteera antolatu du Amezti mendi elkarteak
Zegamako Amezti mendi elkarteak urteko bigarren irteera antolatu du igande honetarako. Nafarroako Ollo bailarako Arteta ur jauzia eta gatzategietatik zeharreko mendi ibilaldia egingo dute, Irurtzundik (Nafarroa) gertu. Garañoko gaztelua ere bisitatuko dute. Irteera 7:00etan izango da plazan, eta eguerdirako aurreikusi dute itzulera. Urte hasierako irteerak «motzagoak eta errazagoak» direla aipatu dute, eguraldiak baldintzatuta eta urteko beste irteeretarako forma hartzen joateko baliagarriak izan daitezen. Ur jauziaren inguruko ibilbidea izanik, oinetako egokiak eramatea aholkatu dute.