Ormaiztegin Tokiko Energia Komunitatea sortuko dute
Energia komunitatea osatzeko bilera deitu du gaur Ormaiztegiko Udalak. Lanak "azkar" hasiko dira
Europatik etorritako diru funtsen laguntzari esker eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatuta, Ormaiztegin ere Tokiko Energia Komunitatea (TEK) sortzeko aukera izango dute. Udalarekin batera, Ormaiztegiko bizilagunek eta herrian negozio txikiren bat dutenek izango dute komunitateko kide egiteko aukera. Gaur arratsaldean informazio bilera deitu du udalak interesa duten herritarrei eta negozioetako jabeei zuzenduta. Bilera gizarte etxeko areto nagusian izango da, 19:00etan.
Jon Enrique Ormaiztegiko alkateak esan duenez, «udaletxean, gizarte etxean eta herri ikastetxeko teilatuetan» jarriko dituzte eguzki plakak. Plaka hauen bitartez, eguneko 75kw sortu direla aurreikusi dute, «gutxi gora behera 140 etxebizitza edo negozio txiki hornitzeko adina». Hauetako bakoitzak 0,5kw jasoko ditu eta «fakturan %20 edo %25 arteko aurrezkia» suposatuko duela esan du alkateak.
Komunitatearen sorrera
Une honetan, TEKaren estatutuen zirriborroa prest dago eta gaur arratsaldeko bileraren xedeetako bat izango da komunitateari legezko egitura ematea. «Komunitateak hiru pertsona juridiko izan behar ditu, horietako bat udala izango da eta gainontzeko biak zeintzuk diren erabaki beharko da», adierazi du Enriquek. Behin TEK osatuta estatutuak onartzea izango da hurrengo pausua, «komunitateak berak erabaki beharko du zirriborroa bere horretan onartzen den edo aldaketaren bat egin behar den».
Lehendabiziko bost urteetan eguzki plaken jabetza aldundiarena izango da. Hala, aldundiak hartuko ditu bere gain plaken mantenu lanak, etab., «partikularrek ez dute inolako diru kopururik ordaindu beharko». Denbora tarte hori igarota, plakak komunitatearen jabetzakoak izatera pasako dira eta orduan erabaki beharko da zenbateko kuota eta zenbateko maiztasunez ordaindu beharko den. Komunitateko edozein kidek edozein momentutan eman dezake baja inolako kosturik gabe.
Lanak «azkar» hasiko dira
TEK-ek energia merkaturatzaile bati erosiko dio zuzenean sortutakoa osatzeko beharko duen energia, «ohiko merkatu librean baino merkeago». Kudeaketa enpresa pribatu batek egingo du udaletxearen bitartez. Enriquek azpimarratu duenez, proiektua oso aurreratuta dago eta «azkar» hasiko dituzte eguzki plakak jartzeko lanak.