Zumarragako Udalak Mankomunitateak jaurlaritzari egindako eskaera berretsi du
Osoko bilkuran anbulatorioko Etengabeko Arreta Gunea egunero eta eguneko 24 orduetan irekitzearen aldeko plataformako kideek parte hartu dute
Urola Garaia Mankomunitateak eta Gabiriako Udalak gutun bat bidali diote Gotzone Sagardui Osasun sailburuari eta Rosa Perez Osakidetzako zuzendariari. Bertan, Zumarragako anbulatorioa egunero eta eguneko 24 orduetan irekitzeko eskatzen diete. Gaur, Zumarragako Udalak eskaera berretsi du. Alderdi guztiek alde bozkatu dute. Osoko bilkuran anbulatorioko Etengabeko Arreta Gunea (EAG) egunero eta eguneko 24 orduetan irekitzearen aldeko plataformako kideek ere parte hartu dute.
Gutunean mankomunitateko lau alkateek eta Gabiriakoa “kezkatuta” ageri dira egun bizi den egoeragatik eta pandemia aurreko egoerara itzultzea eskatzen dute. Hau da, anbulatorioa egunero eta eguneko 24 orduetan irekitzea. Egun, astelehenetik ostiralera 08:00etatik 20:00etara irekitzen da eta larunbat eta igandetan 09:00etatik 21:00etara.
Osoko bilkuraren amaieran Belen Baztarrika plataformako kideak hartu du hitza. Pozik azaldu da, Mankomunitateak gutuna bidali duelako. “Beti eskatu dugu Mankomunitateak indarra egitea eta, beraz, asko pozten gaitu”.
Lanean jarraituko dutela aurreratu du. “Bi urte baino gehiago daramagu lanean. Jarraitu egingo dugu, lortuko dugun ilusioa baitugu. Oso kezkatuta gaude, geroz eta murrizketa gehiago daudelako, baina 25.000 biztanle gara eta anbulatorioa eguneko 24 orduetan zabalik egotea behar dugu. Guk bidali genuen azken gutunean Gotzone Sagarduik ospitalera joateko erantzun zigun, baina ezin dugu larrialdietako zerbitzua behar bezainbesteko larritasuna ez duten larrialdiekin kolapsatu. Bergaran eta Errenterian herritarrak beraien eskaera lortu dute, udalen laguntzarekin”.
Bukatzeko, lehen mailako arreta zaintzeko eskatu du. “Ingalaterran hala hasi zen osasun zerbitzu publikoaren desegitea. Osasuna ez da negozioa, inbertsioa baizik. Hurrengo belaunaldiek ez diezagutela esan ez genuela ezer egin egoera okertu zenean”.