Udaleku irekiak antolatu ditu Hitzaro Euskara Elkarteak apirilerako
Ipuin kontaketak, sukaldaritza eta pultsera tailerrak, irteerak eta beste hainbat ekintza eskainiko dituzte apirilaren 3an, 4an, 5ean, 11n, 12an, 13an eta 14an, gaztelekuan.
Ordiziako Hitzaro euskara elkarteak udaleku irekiak antolatu ditu apirilerako, aste santuko oporretarako. Plan, Plin, Plan izena du ekimenak eta, jolasaren bitartez, adin bereko haurrekin aisialdiko eskaintza indartzea du helburu. Lagun berriak egiteko eta ondo pasatzeko aukera izango dute izena ematen duten haurrek.
Ipuin kontaketak, sukaldaritza eta pultsera tailerrak, irteerak eta beste hainbat ekintza eskainiko dituzte apirilaren 3an, 4an, 5ean, 11n, 12an, 13an eta 14an, Lukusin plazan dagoen Ordiziako gaztelekuan, 9:00etatik 13:00etara. Lehen Hezkuntzako haurrei zuzendutako ekimena da. Taldeak gutxienez 8 haurrekin eta gehienez 30 haurrekin osatuko dituzte.
Izen-ematea Hitzaro Euskara Elkartean egin behar da, Santa Maria kaleko 4. zenbakiko 2. solairuan, ezkerreko bulegoan, edo Ordiziako Barrena Kultur Etxeko gazte bulegoan, martxoaren 27a baino lehen. Plazak mugatuak izango dira eta izen-emate ordena izango dute kontuan. Matrikula 35 eurokoa da. Hitzaroko bazkideen seme-alabentzat edo familia ugarientzat 30 euro izango da, eta langabezian dauden familientzat 15 euro.
Diru-sarrera egin, kontzeptuan haurraren izena jarri, ordainagiria matrikula orriari erantsi eta Hitzaroko postontzian edo gazte bulegoan utzi behar dute interesa dutenek. Laboral Kutxako kontu zenbakia 3035 0054 51 054 001 4411 da, eta Kutxabankekoa 2095 5073 03 1061744776. Matrikula orrian izen-abizenak, ikasturtea, ikastetxea, jaiotze data, helbidea, herria, telefonoa eta e-maila adierazi behar dira.