Ttipi-ttapa morea Zaldibian, martxoaren 11n
Martxoaren 2a baino lehen eman behar da izena. 12 urtetik gorako neska eta emakumeek parte hartu ahal izango dute. Aurretik entrenamenduak egingo dituzte.
Martxoaren 8ko ekitaldien barruan, Zaldibiako Udalak eta Aske talde feministak hirugarren Ttipi-ttapa morea egitasmoa antolatzea erabaki dute aurten ere, “ekimenak arrakasta izan duela iritzita”. Martxoaren 11n izango da, larunbata, 10:30ean hasi eta denek amaitu arte iraungo du. Izen ematea irekita dago dagoeneko, eta hiru modalitatetan parte har daiteke: korrika, oinez edo ibilbide egokituan. Zaldibia.eus webgunean edo Karreane Kultur etxean eman daiteke izena, martxoaren 2a baino lehen. 12 urtetik gorako neska eta emakumeek parte hartu ahal izango dute.
5 kilometro inguruko ibilbidea prestatuko dute korrika edo oinez egiteko. Egokitua, laburragoa izango da eta “bestelako oztopo fisikorik gabekoa”. Udalak aurreratu duenez, “parte hartzaile denak ongi prestatuta joateko Aske talde feministak nahi duen guztientzat entrenamenduak antolatu ditu hiru larunbat goizetan: otsailaren 18an, otsailaren 25ean, eta martxoaren 4an. Egun horietan entrenamenduak frontoian hasiko dira 10:00etan”.
Ibilbidea amaitutakoan, plazan ekitaldi bat egongo da, eta jarraian Antzokian emakumeen bazkaria. Txartelak Joxepanen egongo dira salgai, martxoaren 2ra arte. Txartelak 25 euro balioko du, langabetuentzat 15 euro.
Bi menu egongo dira aukeran, haragidun menua eta menu beganoa. Bazkarira joateko ez da beharrezkoa izango Ttipi-ttapa morean parte hartzea.
Eguneko egitarauarekin amaitzeko, iluntzean poteo musikatua egongo da.