Estanda lantegiko langileek grebara jo dute
LAB, ELA eta CCOO sindikatuek salatu dute enpresako zuzendaritzak "entzungor" egin diela langileen eskakizunei. Irtenbiderik ezean, lanuzteekin jarraituko dutela iragarri dute.
Beasaingo Fundiciones del Estanda S. A. enpresako langileek grebara jo dute. LAB, ELA eta CCOO sindikatuek jakinarazi dutenez, «2021 urtetik lan hitzarmenik gabe» daude. «2022ko ekainean» hasi ziren hitzarmena negoziatzen, eta enpresaren «jarrera itxia tarteko, oraindik ez dugu akordiorik lortu». Hitzarmen ezak sortu duen egoera «azken bi-hiru hilabeteetan are okerragoa» dela salatu dute hiru sindikatuek. «Langile batzordearen aldetik akordiotara iristeko borondate garbia erakutsi dugu, baina enpresak mugimendu bakar bat egin gabe erantzun du langileen eskakizunei». Horregatik, lan gatazka gizarteratzea izan da langileen batzordeak hartu duen erabakia.
Hiru eskakizun
Langileen ordezkariek hiru eskakizun egin dizkiote Estandako zuzendaritzari: «KPIa bermatuko duen soldata igoera, sei orduko lanaldi jaitsiera, eta soldata eskala bikoitzean murrizketa».
Enpresako zuzendaritzak «eskakizunei muzin» egin diela adierazi dute langileen ordezkariek.
Blokeo egoeraren aurrean grebara jo dute, atzo egin zituztelarik lehenen lanuzteak, eta iragarri dute, irtenbiderik ezean, lanuzteekin jarraituko dutela. Lantegiaren atarian protesta egin dute gaur, eta hurrengo egunetarako ere deialdia egin dute.
Era berean, enpresako zuzendaritzari eskatu diote, «borondatez joka dezatela, egoera bideratu eta lehenbailehen hitzarmena izan dezagun».