Gurutze Berriren «kudeaketa txarra» gaitzetsi du berriz Izal Bai alderdiak
Gurutze Berri auzoaren eraberritze proiektuaren gainean udal gobernuak «kudeaketa txarra» egin duela berretsi du berriz Izal Bai oposizioko alderdiak, prentsa ohar baten bitartez. Ohar horretan, proiektua 2012an Izal Bairen ekimenez jarri zela martxan azpimarratu dute. Azken lau urteetan proiektua «baztertuta» eduki izana ere leporatu diote EH Bilduren udal gobernuari. Azkenik, proiektua aurrera eramateko udalak bere gain hartu duen zorrak kezka sortu diela ere esan dute.
2012an hasita, bizilagunekin hainbat bilera adostu eta egin beharrezko izapideak egin eta gero, «2019an pleguak onartzeko prest» geratu zirela diote oharrean. Urte bereko ekainean, hauteskundeak eta gero, —EH Bilduk hartu zuen orduan udal gobernua— lehiaketa martxan jarri zela gogoratu dute, «guk egindako pleguetan koma bat bera ere aldatu gabe».
Ordutik udal gobernuak, «legegintzaldiko proiektu garrantzitsuena izan behar zuena baztertuta» eduki duela salatu dute oharrean. «2020 amaieratik exekuzio proiektua esku artean du udalak», diote. 2022an Erein diru laguntzen bitartez 830.800 euro bideratu zituen udalak proiekturako. Izal Baik dioenez, «ez dira diru laguntzak ematerako orduan ezarritako baldintzak bete. Lanak 2022an hasita eta 2023an bukatuta behar lukete. Berandu eta gaizki dabil udala», ondorioztatu dute.
Ia bi milioi euroko zorra
Proiektuaz baliatuta, udalari «marketing-a» egitea egotzi dio Izal Baik, baina «egia, oraindik obrako pleguak onartu gabe daudela da» azpimarratu dute. Alkateari «gezurretan aritzea» aurpegiratu diote, «lau urte hauetan etxeko lanak egin gabe egon eta orain, hauteskundeetara begira, dena ondo doanaren irudia» eman nahi duela argudiatuta. Gurutze Berriko auzotarrez gain, idiazabaldar guztiak «kudeaketa txar honen kaltetuak» direla diote, «udalak zorpetzetik eta gerakinetatik 1.900.000 eurori aurre egin beharra baitakar, bere ondorioekin».