Gurutze eta Areso auzuneetan lurpeko hiru garaje eraikitzeko deialdia egin du Lazkaoko Udalak
Lurpeko garajeak erosteko zer eskari edo interes dagoen neurtu nahi dute lehenbizi. Gurutzen 3-4 eta 5-6 dorreen aurreko plazetan, eta Areson Giroa atzean eraikiko lirateke, urbanizazioa berritzea aprobetxatuta.
Duela urte batzuk Gurutze auzuneko 1-2 dorreen aurreko plazapean egin bezala, Lazkaoko Udalak Gurutzen bertan beste bi lurpeko aparkaleku komunitario eta Areson bat eraikitzeko deialdia egin du. Herritarren aldetik erosteko zer interes edo behar dauden neurtuko dute aurrez, proiektuak bideragarriak diren ala ez ikusteko. Etxeetara galdetegia bidali dute.
Guztira, 112 garaje izango lirateke: Gurutze 3-4 dorren aurreko aparkalekuan 38, Gurutze 5-6 parean 41 eta Areso kalean –Giroa tabernaren atzean– 33. Udalak ohar batean aurreratu duenez, hiru eremu horietan urbanizazioa berritzeko asmoa du, eta «bide batez, lur azpiko garaje itxiak egiteko aukera aztertu».
Martxoaren 31rako
Bideragarritasunik baduten ala ez jakiteko, herritarrek galdetegia martxoaren 31rako erantzun behar dute. Lehen ere saiakera eta deialdi bat baino gehiago egina da udala Gurutzen, helburu berarekin.
Garajeen neurriak eta prezio aurreikuspen bat ere zabaldu ditu. Hiru eremuetan, garaje bakoitza 16,50 metro koadrokoa izango litzateke; 3 metro zabalean eta 5,50 metro luzean. Bakoitzaren prezio orientagarria 26.000 euro gehi dagokion BEZa izango litzateke.