Hamabi muslari bikote gehiago sailkatu dira Gipuzkoako finalera
Aurreko asteburuan, sei herritan jokatu dituzte kanporaketak.
Euskal Herriko 14. Mus Txapelketaren sailkapen bidean, herrietako kanporaketa-saio gehieneko asteburua izan da aurrekoa. Sei herritan jokatu dituzte lehiaketak, eta horietan hamabi bikotek lortu dute Gipuzkoako txapelketan Deban martxoaren 11n jokatzeko txartela, tokian tokiko partaidetzaren arabera.
Legazpin, ostegunean, Julen Albizuk eta Iñigo Caballerok irabazi zuten. Joseba Telleria eta Joseba Gabilondo txapeldun izandakoak geratu ziren bigarren, eta sailkatu dira.
Olaberrian, ostiralean, zazpi bikote aritu ziren, Arkupe elkartean. Bakarra joango da Debara: Unai Aranburu-Iker Ojanguren. Gari Arrieta-Xabi Berasategi izan ziren bigarren. Saioa OGT Olaberriko Gazte Talde sortu berriak antolatu zuen.
Ormaiztegin, ostiralean, 11 bikoteren arteko lehiatik bi sailkatu ziren: Julian Zabala eta Asier Zabala aita-semeak irabazle, eta Jon Garmendia eta Ruben Ueda.
Seguran jendetsuagoa izan zen, ostiralean, Elorri elkartean. 19 bikotek parte hartu zuten, eta hiru igaro dira: Pako Arrondo eta Julian Imaz, Jon Sarasola eta Aritz Jauregi, eta Unai Imaz eta Manu Imaz, herriko lehiaketako ordenaren arabera.
Urretxuko eta Zumarragako saio bateratua ere ostiralean jokatu zuten, Ederra frontoian. Zortzi bikote aritu ziren, eta Jon Ander Goenagak eta Iker Vazquezek irabazi zuen.
Gabirian, igande arratsaldean, Julen Murua eta Iñaki Rezusta izan ziren garaile. Bigarrenak ere sailkatu dira, Irati Etxezarreta eta Saioa Etxezarreta. Hamabi bikote aritu ziren, Osinalden.
Datorrenean, bakarra
Bi aste geratzen zaizkio herrietako sailkatze faseari. Datorren asteburuan saio bakarra dago iragarrita, Beasaingoa. Arrano tabernan, larunbatean 16:30ean hasiko da. Izena ordu erdi bat lehenago eman behar da.