Itsasondoko Udalak 1.210.000 euroko aurrekontua onartu du 2023rako
Murumendiko natur-gunea berreskuratu eta herritarren esku jartzeko ekimenarekin jarraituko dute, eta hamar hektarea lur landatuko dituzte zuhaitz ezberdinekin.

Itsasondoko Udalak 1.210.000 euroko aurrekontua onartu du 2023rako. Aho batez onartua izan da. Iazkoarekin alderatuta, 190.000 euro gutxiago izango dute. Azpiegituren hobekuntzen artean, haur parkea eta dendako lokal berria eratuko dituzte, eta Beko-kaleko muturra errepidearekin lotzeko lanak egingo dituzte. Aurrekontuetatik kanpo, Urkipe eskolaren eraikinak eraitsiko dira, eta beste bat eraikiko dute.
Iazko aurrekontua 1.400.000 eurokoa izan zen, Eusko Jaurlaritzak landa eremuak garatzeko Erein programatik 300.000 euro esleitu zielako, Gipuzkoako Ur Partzuergoarekin eta Ordiziako Udalarekin batera, baserriak sareko urez hornitzeko lehen fasea egiteko. Aurten, bigarren fasea egiteko, 150.000 eurokoa izan da laguntza. Horregatik egin du behera aurrekontuak.
Itsasondoko Udalak hiru diru-iturri nagusi ditu: zerga propioak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Foru Funtsa eta Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak arlo ezberdinetan egiten dituzten diru laguntzen deialdiak edo zuzeneko esleipenak. Lehen bietatik lortzen dena, ohiko gastuetan joango da batik bat: langileen soldata eta osagarrietan, horniduretan, udal eraikin eta azpiegituretan edota berritze lanetan.
Hiru arlotan egingo du lan udalak; «ongizatea zabaltzen, kultur ekitaldiak ugaritzen eta hainbat azpiegitura hobetzen», azaldu du Iñaki Aizpuru Itsasondoko alkateak. Haur parkea eta dendako lokal berria eratuko dira, eta herritarren irisgarritasuna hobetuko da. Beko-kaleko muturra errepidearekin lotzeko lanak egingo dira, «auzoaren birgaitzearekin hasteko».
«Ingurune bizigarria»
Landa eremuari dagokionez, ur-horniduraz gain, Murumendiko natur-gunea berreskuratu eta herritarren esku jartzeko ekimenekin jarraituko dute. «Lur publikoen hedapenak erritmo onean jarraitzen du eta aurten hamar hektarea lur landatuko dira haritz, gaztainondo, lizar edo gereziondoekin, udalerrian ingurune bizigarria eratzeko dagoen proiektuan beste urrats bat emanez».
Aurrekontutik kanpo
Onartutako aurrekontu orokorretik kanpo, bi obra nagusi egingo dituzte, eta biak Eusko Jaurlaritzak ordainduko ditu. Batetik, Urkipe eskola berriaren eraldaketa hasiko da. «Ikasturtea bukatu bezain pronto, gaur egun dauden eraikinak eraitsi eta eraikin berria altxatuko da leku berean». Bi milioitik gorakoa izango da aurrekontua horretarako. Udalak urbanizazio lanak egingo ditu eta Jaurlaritzak eraikin berria egingo du.
Bestetik, Zubin aldean dagoen meategiko hondakindegia egonkortu eta estaltzeko lanak egingo dituzte. Aurrekontua 500.000 eurokoa da, eta Eusko Jaurlaritzak ingurumenerako kudeatzen dituen Next Generation funtsekin ordainduko du.