Tokiko hedabideak ikuspegi kooperatibotik aztertzeko jardunaldia egingo dute Biziolan otsailaren 28an
Euskal Herriko esperientzia batzuen berri emango dute lehenik, eta Goierriko hedabideen errealitatea zein den azalduko dute ondoren. Goierritar guztientzat irekia da saioa.
Biziola kooperatibak tokiko hedabideen egoerari erreparatuko dio, otsailaren 28an Lazkaoko egoitzan antolatu duen jardunaldi batean. Tokiko komunikabideak ikuspegi kooperatibotik gaitzat hartuta, Goiena, Aiaraldea eta Urola Komunikazio Taldearen esperientziak ekarriko dituzte, lehenbizi. Ondoren, Goierriko hiru hedabideren errealitateak ezagutzeko aukera izango da, horietako ordezkari banaren ahotik. Goierriko Hitza egunkari honek parte hartuko du, Segura Irratiarekin eta Goierri Telebistarekin batera.
Jardunaldia otsailaren 28an, asteartea, 17:30ean hasiko da, eta 20:00ak arte ariko dira. Edozein herritarrentzat irekia da, eta joateko gonbidapena egin du Biziolak.