Zientzia ere bada emakumeen kontua
Emakume zientzialarien egunaren aitzakian, lau emakume ingeniarirekin solasaldia egin dute Beasaingo ikasleek. Saioaren helburua nesken artean zientzia arloko ikasketak sustatzea izan da.
Ezkerretik eskubira, San Sebastian, Aiala, Sukia eta Gomendio. Argazkia: Ariane Vierbücher Geroz eta gehiago dira Steam (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Artea eta Matematikak) arloko lanbideetan jomuga jartzen duten emakumeak. Erreferenteak ikusarazteak bide horretan lerratzera anima ditzakete beste asko ere. Otsailaren 11, Emakume zientzialarien nazioarteko eguna izan zela-eta, emakume ingeniariekin solasaldia egin zuten atzo, Beasainen, DBHko ikasle guztiei zuzenduta. Gipuzkoako industri ingeniarien elkargo ofizialak antolatu zuen hitzaldia, Lemniskata zientzia sarearen laguntzarekin.
Ingeniaritza zertan datzan, sektorean dauden lan aukera ezberdinak ezagutaraztea eta etorkizuneko erronkei begira ingeniaritzaren garrantziari buruz mintzatu ziren ekitaldiko gonbidatuak: Uxue Aiala, CAFeko Erosketa Saileko ordezkaria; Laida San Sebastian, ekintzailetza teknologiko jasangarriaren arloan lan egiten du Mondragon Unibertsitatean; eta Itxaro Sukia, Doktoretza ikaslea Mondragon Unibertsitatean. Sandwich panelen fabrikazioan lanean dabil zuntz jarraituaren 3D inprimaketaren bitartez. Amaia Gomendiok, Mondragon Unibertsitateko Ingeniaritza Industrialeko Masterraren koordinatzaileak gidatu zuen saioa.
Amaia Gomendio. Modragon Unibertsitatea
«Ingeniaritza duela urteak baino anitzagoa da, irtenbide asko ditu»
Uxue Aiala. CAFeko erosketa saila«CAFen komertzial departamentuko lanak, ate handi bat ireki zidan»
Maskulinizatua den arloetan lekua egitea lortu dute emakume hauek haien esperientziatik mintzatu ziren. Gazteengan, neskengan batik bat, steam bokazioa sustatzea zuten helburu. San Sebastianek eman zuen gakoetako bat: «bisualizazio hutsa da» esan zuen. Eta adibide batekin azaldu zuen aditzera eman nahi izan zuena: «Marka oso ezagun bateko auto baten publizitatean, emakume bat agertu zen publizitatu nahi zuten auto hori gidatzen. Irudi hark eragin zuzen-zuzena izan zuen; salmentetan gorakada nabarmena izan zen». Zientzien arloko ikasketetan ere, berdin egin behar dela deritzo. «Erreferenteak ikusgarri egitea beharrezkoa da emakumeen presentzia handitzeko».
Ikusaraztea bakarrik ez, esperientziak positibotik helaraztea ere garrantzitsua dela erantzun zioten beste hizlariek. Horretan ahalegindu ziren Usurbe antzokiko oholtza gainetik etorkizunean zer izan nahi duten gogoeta egiten hasteko dauden eskualdeko eskola desberdinetatik gerturatutako hamarnaka gaztetxoei arra sartu nahian.
Laida San Sebastian. Mondragon Unibertsitatea
«Emakumezko erreferenteak ikusgarri egitea beharrezkoa da»
Itxaro Sukia. Doktoretza ikaslea«Egunero gauza berri bat ikasteko aukera ematen dit. Ez naiz aspertzen»
«Ikasketak hastean ez zen xamurra izan» aitortu zuen lehenik Aialak, «baina nire lekua aurkitzen hasi nintzenean, oso gozagarria bihurtu zen. Gaur egun, gainera, metodologia are erakargarriagoa da», gonbidatu zituen aretoa bete zuten gazteak. «Ikasitakoa nola aplikatu ikustean, orduan hasi nintzen gozatzen, eta lan munduak momentuz eskaini didana, oso interesgarria da; egunero gauza berri bat ikasteko aukera ematen dit. Ez naiz aspertzen», gehitu zuen Sukiak. «Zure pasioak zeintzuk diren, horretan pentsatu behar da aukera egitean», jarri zuen fokua San Sebastianek.
Garapen pertsonala
Bide desberdina eginda ere, bat datoz puntu askotan; «ingeniaritza duela urteak baino anitzagoa» dela ondorioztatu zuen Gomendiok, «irtenbide asko» dituela kontatu zien arreta erakartzea garesti duten gazteei. Bat etorri ziren ere esatean, ingeniaritzak direla taldean lan egin nahi duten pertsonentzat aproposak; «Arazoak konpontzeaz harago, pertsonen arteko harremanak lantzen dira, izan ere, kolaborazioa dagoenean lortzen dira emaitza onenak». Hori guztia «garapen pertsonalerako ere baliagarria da», bat etorri ziren, lanbide hauen balioa bikoiztuz.
Aialak adibidez, «kudeaketa» zuen buruan, unibertsitateko ikasketak aukeratu aurretik. «CAFeko komertzial departamentuak, ate handi bat ireki zidan; bidaiatzeko eta beste kultura batzuk ezagutzeko aukera eman dit, besteak beste».
Jakitun dira ingeniaritzak bertigo pixka bat sortzen dutela, beti kontsideratu izan dira karrera gogorrak. Aretoan dauden neskei bultzada eman nahian, «etorkizuna», «humanizazioa» eta «esperantza» hitzak eskainiz agurtu zuten saioa.













