«Denon bizitzak erdigunean»
Goierriko Koordinadora Feministak zaintza sistema berri baten alde mobilizatzera deitu du gizartea, gaur egungoa «injustizian eta indarkerian» oinarritua dagoelako. Ordiziatik Beasainera manifestazioa egingo dute Martxoaren 8an.
Gerturatzen ari da Martxoaren 8a,Emakumeen Nazioarteko Eguna, eta hasi da altxatzen marea morea. Goierriko Koordinadora Feministako ordezkariek, azken hilabeteetako lanketaren emaitza den aldarria eta mobilizazioak iragarri dituzte. «Denon bizitzak erdigunean» jartzeko aterako dira kalera M8an, Ordiziatik abiatuko den manifestazioan. Amaiera Beasaingo Erauskin plazan izango da. Bertan, ekitaldia egingo dute.
Azken urteetan agerian geratu dira zaintzan dauden hutsuneak eta, hain zuzen ere, gai horri ikusgarritasuna eman nahi dio Goierriko Koordinadora Feministak Martxoaren 8an. Egun horri begira, atzo Beasainen egin zuten aurkezpenean nabarmendu zuten moduan, «zaintzarena da eztabaida publikoan bolo-bolo dabilen hizketa gai bat, baina nahiz eta denok dugun zainduak izateko beharra eta zaintzeko gaitasuna, denok ez ditugu zaintzak modu duinean jasotzen, eta gehienetan, zaintza behar hauek asetzeko bideak injustizian oinarrituta daude; baldintza prekarizatuetan ematen dira eta, aldi berean, prekarizatzaileak dira». Koordinadora feministaren hitzetan, egungo zaintza sistema «injustizian eta indarkerian» oinarritua dago.
Komunitate moduan antolatzea «ezinbestekoa» dela dio koordinadorak
Ordiziatik abiatuta manifestazioa deitu dute. Beasainen amaituko da
Horren ondorioak, «nagusiki emakumeek» pairatzen dituztela argi du Koordinadora Feministak; «emakumeak gara nagusiki zaintza lan hauek sostengatzen ditugunak eta, bereziki, langile klasekoak eta migratuak diren emakumeak». Zaintza eredua, «geroz eta merkantilistagoa» dela iritzi dute; «Mendebaldeko herrialdeak zaintza krisi batean murgilduta gaude». Azken urteotan emandako aldaketei erantzuteko estrategiak «migrazio-fluxuetan eragiten ari da, zaintzen kate globalak sortuz», horrek, «berriro ere, eredu prekarizatua eta prekarizatzailea areagotuz». Zerbitzu publikoek eskaintzen dutenarekin ere kexu dira, «azaleko konponbideak besterik ez dute jartzen».
Egoera irauli
Hori dela eta, Goierriko Koordinadora Feministak, Euskal Herriko Mugimendu Feministarekin bat eginez, «dena aldatzeko, zaintza eredua irauli» nahi du. «Egungo zaintza erregimen kapitalista eta patriarkala eraldatzeko asmoz aterako gara kalera aurtengo martxoaren 8an», iragarri dute.
«Zaintzarako eskubide kolektibo baten alde» daude; «Pertsona guztiok beren bizitza osoan zehar zaintzak askatasun, duintasun eta konpromiso-baldintzetan eman eta jasotzeko eskubidearen alde, mendekotasun egoerez haratago». Horretarako, «komunitate moduan antolatzea ezinbestekoa» dela nabarmendu dute.