Romana Mujika lazkaotarrak 103 urte bete eta ospatu ditu
Asteazkenean bete zituen urteak. Legorretako Berostegi auzoan jaioa da, eta ezkonduta Itsasondoko mendialdeko Idoiagara joan zen. Duela 47 urtez geroztik Lazkaon bizi da.
Mendea atzean utzi, eta 103 urte bete ditu Romana Mujika Urretabizkaia lazkaotarrak. Asteazkenean, otsailaren 15ean izan zituen urteak, ingurukoen zorion agur eta besarkada artean. Legorretan jaio zen, Berostegi auzoko Jildegi baserrian, 1920eko otsailaren 15ean. Itsasondoko Idoiaga baserrira ezkondu zen, Joxe Zubeldiarekin; taberna ere bazen. Alargundu zenean Lazkaora joan zen, orain dela 47 urte, eta han bizi da familiakoekin.
Arantxa Artza kazetari itsasondoarrak elkarrizketa egin zion, Euskadi Irratirako, 2022ko otsailean, 102 urte bete zituenean. “Ez zait iruditzen niri urte hauek dauzkadanik”, zioen orduan. Bat gehiago du orain, eta kementsu jarraitzen du Romana Mujikak. Elkarrizketa hartatik hartuak dira ondorengo pasarteak.
Legorretan, Berostegi auzoko Jildegikoa da izatez. “Nire aita eta ama, Anizeto Mujika ta Maria Inazia Urretabizkaia zire. Jildegin bizi izan nintzen, Berostegin. Haiekin lana egiten nuen. Hamabi urte artean ibili nintzen eskolatik, eta handik atera, eta lanean, aitari eta amari laguntzen”.
1936ko Gerrak hamasei urterekin harrapatu zuen Romana Mujika. Etxean galera latzak izan zituzten: anaia bat Bruneteko batailan hil zen, Madrilen; beste bat, Arrasaten zauritu zen. “Gerra etorri zen, eta hantxe geratu nintzen aitarekin eta amarekin; anaiak soldadu eraman zituzten. Anaia gerran hil zitzaian; eraman zuten gerrara, eta kito. Beste anaia ere, berriz Mondragoiko horretan eritu zen, eta abisua eman zidaten nola eritu zen. Joan ginen Bergarara aita eta biok, baina non zenik ere, edo erituta nora eraman zutenik ere, ezer ez genuen jakin. Ez zen arrastorik, eta non azaltzen den Aieten, Donostian. Bizirik! Ahizpa Donostian karnizeriarekin neukan, eta hara igo zen eta han bilatu zuen. Hanka zeukan puskatuta”.
“Ez omen zekien Aietera ekarri zuten garaian Donostian zegon edo non zegoen. Hona etorri zen garaien, orduan abisatu zuen etxera. Igeltsatuta omen zeukan, eta berak esaten omen zuen: “Ezin dut aguantatu minarekin”. Oso ezaguna zeukan mediku bat ahizpak Donostian, eta abisatu zion eta segituan igo ziren. Ikusi zuen, eta mediku horrek esan omen zion: “Hau ireki egin behar dugu”. Kendu omen zioten, eta hezurra bakarrik omen zeukan, zorriek dena janda. “Nola eduki liteke pertsona horrenbeste zorrirekin ohean?” Halaxe, pixkana-pixkana jarri zen, eta etorri zen etxera. Beste anaia Bruneten hil zan, Madrid. Han lurperatu zuten, eta han dago”.
Idoiagako baserrian taberna
Itsasondora ezkondu zen Romana Mujika, Joxe Zubeldiarekin, Idoiaga (Ioia) baserrira. Lau seme-alaba izan zituzten. Zorigaitza ere sartu zitzaien etxe hartan, tximista eran. Etxearen barrura tximista bat sartu, eta sukaldean zeuden lagun batzuk jo zituen. Lau lagun hil ziren, tartean Romanaren alaba zaharrena. “Tximista bat etxean sartu zen, eta hala hil zitzaidan alaba, eta berarekin beste hiru lagun. Irratiaren zeratik sartu zen tximista. Hementxe gauden bezalaxe jokoan ari ziren, ez dakit zenbat jende egongo zen, hamar o hamabi lagun. Denak erori ziren lurrera, eta horiek ez zien altxatzen. Ni ekonomikaren kontra nengoen. Altxatzen hasi ginen, eta hilda zeuden. Tartean nire alaba. Onak eta txarrak, denak pasatu ditut nik”.
Taberna zegoen Idoiaga baserrian. Mendira zihoan jendeari edariak saltzen hasi ziren, eta ogitartekoak ere ematera iritsi ziren. Azkenerako, erromeria eta festa leku bihurtu zen. “Juerga handiak egin ziren, gazte jendeak eta. Eguberriak etortzen ziren, gauean kantatzen, eta bertan geratzen ziren afari egiten, eta ganbaran lo egiten zuten. Hurrengo goizen jaiki, eta berriz ere baratxuri zopa edo zer edo zer egiten nien, jaten zuten, eta dena hola. Jendea orain baino sanoagoa zen orduan, horrenbeste istori ez zegoen orduan. Sanoagoa zen”.
Joxe Zubeldia senarrak soinua jotzen zuen, gainera. Ordizian ikasi zuen, gaueskolako maisuak xaxatuta ikasita. “Maisu horrek esan omen zion: “hik soinua ere jo dezakek, ikas dezakek, kantatu-eta ondo egiten duk. Proba egin behar diagu”. Eta jendea plazan dantzan ibiltzen zen, berak soinua jota. Trikitixak eta oso ondo jotzen zituen”.
Baserrian lan asko eta etengabea egina da. Alargundu zenean, baserria handia eta ganadu askokoa izaki, bakarrik ezin zuela han segitu, eta duela 47 urte Lazkaora aldatu zen Idoiaga gainetik, alabarenera. Bertan bizi da harrezkero. Lagun guztiak joan zaizkiola dio, asko eduki dituen arren. Baina ondo aprobetxatu zuen, ahal izan zuenean. Eskurtsio eta bidaia asko egin zituen lagunekin.
Munduak daraman ibilaroarekin ere garbi dauka: “Gaizki dago, gero eta gaizkiago gainera. Inbidia handia dauka batak bestearekin eta. Hobetoena bizi izan gara! Hemendik aurrera ez gara izango izan garen bezala. Gero eta okerrago. Pena ematen didatenak txiki hauek dira, zer ikusteko dauden”.
Azkarregi bizitzearen azkar-usteak itoko duela gizartea uste du. “Denari aurrera harrapatu nahi dugu, baina munduak harrapatuko gaitu gu. Guk ez dugu harrapatuko, munduak harrapatuko gaitu gu. Egin beharra dagoela esaten dute, bestela atzera geratzen dela eta… Baina ez, hori munduari aurrea harrapatzea da, eta munduari ez dio inork harrapatuko aurrea”.
Horren aurrean, errezeta bat badauka: “konformidadea eta elkar maitatzea, elkarrekin ondo bizi izatea”.
Euskadi Irratiak 2022-2-24an Amarauna irratsaioan emititu zuen elkarrizketa entzun daiteke