Urtsuaran eta Ormaolatza arteko bidea berritu dute Idiazabalen
Bidean materiala bota eta areka berriak egin dituzte. Lanak dagoeneko amaituta daude. Olariagako txaboletara doan bidea berrituko dute aurrerago.
Idiazabalgo Udalak Urtsuaran eta Ormaolatza arteko mendi bidean berrikuntza lanak egin ditu. Udal brigadak «bidean materiala bota eta bide bazterretako arekak berritu» dituela azaldu du Iñaki Alberdi Idiazabalgo alkateak. Egindako lanak Putzuzahar bidegurutzetik Olariagako txaboletara arteko eremuan egin dira.
Alkateak dio «egoera txarrean» zegoela mendi bidea, 2021ean gertatutako luizi baten ondorioz: «Luiziak erreka estali zuen eta urak mendi bidean kalteak eragin zituen», zehaztu du. Hain zuzen, ubide berriak ere egin dituzte, «kamino azpian hodiak sartu dira, ura bidera eror ez dadin». Lanak amaituta daude dagoeneko.
«Lehentasunezko» lanak
Eremu horretan pinuak botatzen ari dira eta landaketa berriak egiteko «lehentasuna» eman diete lan hauei. Olariagako txaboletatik aurrerako bidean ere berrikuntza lanak aurreikusita daude, aurrerago.