Adinekoak zaintzen dituzten pertsonentzako laguntza taldea
Adineko ezinduak zaintzen dituzten pertsonentzako laguntza taldea sortuko dute Seguran. Ekimena Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikarako departamentuko Sendian programaren baitakoa da, eta Segurako gizarte zerbitzuen bitartez garatuko da herrian.
Laguntza taldearen helburuak asko eta anitzak dira. Hala nola, gatazkei nola aurre egin ikastea, zaintzaren trebetasunak lortzeko argibideak eskaintzea, bizipenak elkar banatzeko espazio bat sortzea, emozioak erregulatzea, auto zaintza estrategiak garatzeko bideak ematea, eguneroko erabakiak nola hartu ikastea edo etorkizunari buruz hausnartzea, besteak beste.
Laguntza taldea psikologo batek gidatuko du eta saioak kultur etxean egingo dira hilean bi ostiralean, 11:30etik 13:00etara. Taldea osatzeko ezinbestekoa da, gutxienez, sei laguneko taldea osatzea eta izena ematen dutenen arabera hasiera data, egunak eta orduak zehaztuko dira. Izena udaletxean eman daiteke otsailaren 23ra arte.