Berriz jaitsiko da Segurara aurten Aizkorriko hartza
Iazko etenaren ondotik, Hartzaren Esnaera ospatuko dute berriz aurten Seguran. 18:30ean jaitsiko da hartza gaur Aizkorritik herrira. Segurarrek harrera egingo diote hartzari, hartzainari eta uxatzaileek txistulari, trikitilari eta dantzarien laguntzaz.
Berreskuratutako ohitura zaharra
2003an berreskuratu zuen Elorri elkarteak Hartzaren Esnaera. 1936ko gerraren ondoren, Francoren diktadurak inauteriak ospatzea debekatu zuen, Tolosan ez ezik gainontzeko leku guztietan, eta ordutik galduta egon zen ohitura zaharra.
Ohiturari jarraituz, kalez kale ibiliko dira uxatzaileak eta hartza herritarren atzetik alde batetik bestera korrika. Plaza beteta izan ohi da hartzari harrera egiteko.