‘Ez naiz inoiz Dublinen izan’, Antzerki Garaia zikloaren hirugarrenean
Beasaingo Usurbe Antzokian izango da, gaur, 20:30ean.
Tentazioa konpainiaren Ez naiz inoiz Dublinen izan antzezlana izango da Antzerki Garaia zikloaren hirugarren emanaldian, Beasaingo Usurbe Antzokian, gaur, 20:30ean.
Sinopsiak jasotzen duenez, Gabonetako afarian irten zen armairutik Elena, duela hiru urte. Gurasoen erreakzioa txarra izan zen, eta Londresera alde egin eta harremana etetea erabaki zuen. Guraso damutuen etxera itzuliko da berriro Gabonetan, Cindy neska-lagunarekin.
Baina Cindy Elenaren fantasia bat da, ikusezina. Hainbat gatazka izan ondoren, alabaren fantasia onartzen ahaleginduko dira. Mireia Gabilondok zuzendua, Iñigo Aranburu, Aitziber Garmendia zaldibiarra, Iñigo Azpitarte eta Mireia Gabilondo dira antzezleak.
Hurrengoa, Ordizian
Hurrengo saioan, Muchos amigos negros antzezlana izango da ikusgai. Otsailaren 24an izango da hori, Ordiziako Herri Antzokian.













