‘Zortziko txikian’ datoz
Azken Sustraiak taldeak ‘Goierri’ izeneko hirugarren diskoa labean du, martxoaren 1ean salmenta puntuetan izango dena .’Zortziko txikian’, aurrerapen kanta entzungai dago jada.

Aste honetan bertan ezagutzera eman du Azken Sustraiak taldeak Zortziko txikian izenburua duen kanta, martxotik aurrera, salmenta puntu guztietan eskuragarri egongo den Goierri diskoaren aurrerapen gisa. Joseba Agirrek, Ander Ilarrik, Xabi Etxezarretak, Ander Mendiluzek eta Unai Migelek osatzen dute gaur egungo taldea. Boskoteak kontatu du, urrian sartu zirela estudioan, eta jada labean dagoela taldearen hirugarren disko luzea izango dena. Lan berria aurkezteko kontzertuak, diskoa kaleratu eta segidan izango dira; martxoaren 18an Arronizen (Nafarroa) izango da aurkezpen kontzertua, eta Goierriko lehenengo emanaldia Lazkaoko festetan izango da. Bien bitartean, aste honetan argitaratu dituzten doinuekin piztu nahi dute arra.
Zortziko txikian, «belaunaldi desberdinetako bertsolariak eta olerkariak ditu erreferente, haiei omenaldi bat da, haiei, eta euskara sustatzeko lanean jardun duten guztiei ere», deskubritu dute abestiaren inguruan.
Abestiaren bideolirik-a asteazkenean egin zuten publiko. Bideolirik bat da, letra animatua, hau da, abestia janzten duten irudiekin batera, letra irakur daiteke. Formatu hori, «abestiaren esanahia gal ez dadin; iruditu zitzaigun horrela indar handiagoa hartzen zuela mezuak», azaldu dute sortzaileek.
Kritika ere egin nahi dute behin abestia argitaratuta, hain zuzen ere, bideolirika osatzeko emakumezko erreferenteen irudiak lortzeko izan duten zailtasunagatik. «Ez da justua emakumeen lana isilaraztea; abesti honekin hori ere gizarteratu nahi dugu», aldarrikatu dute.
Ez dute aipatu gabe utzi nahi izan, bideo grabaketa eta edizioa, Asier Leok egin dituela, eta emaitzarekin «oso gustura» daudela.
Honakoa, datorrenaren lagin txiki bat baino ez da. Laster, beste pilula bat ere emango dute; otsailaren 22an, disko berriaren bigarren aurrerapen kanta argitaratuko dute.
‘Goierri’, landuena
Iruñean, Sound of silence estudioan, Julen Urzaizekin grabatu dute disko berria. Lehenengo diskoa ere hantxe grabatu zuten, «gertutasunagatik berarekin grabatzeko gogoa genuen berriro ere», aitortu dute. Berrikuntza bezala, produkzio lana, hau ere Urzaizekin egin dute. Beraz, «prozesua luzeagoa, baina osoagoa izan da».
Punk-rock doinuetan oraingoan ere, baina esan daiteke orain arteko lanik «onena, serioena, landuena eta soinu artifizialetatik aldenduz soinu naturalena duena» dela, hala definitu dute taldekideek eurek. 2017an taldea sortu zutenetik bildutako esperientziaren eta taldekideen arteko harreman sendoaren isla dela uste dute.