Goierriko Itaiak publiko egin duenez Beasaingo Udalarekin izandako azken bilerak ez du fruiturik eman. «Bide propioa eraikiz» jarraituko dute
Goierriko Itaiak jakinarazi du, iragan ostegunean, Beasaingo udalarekin azken negoziazio bilera egin zutela, indarkeria matxistari aurre egiteko babes pisuaren exigentzia beste behin mahai gaineratuz. Itaiaren proposamenarekin batera, herritarren «ehunka sinadura» ere aurkeztu zituztela baieztatu dute. Hala ere, Goierriko Itaiak salatu du, Beasaingo Udalak «ez ikusiarena» egiten jarraitzen duela.
Azaroan abiatu zuen Itaiak, Beasainen etxe giroko indarkeria matxista kasuetatik irteteko babes pisuaren aldeko borroka, «oinarrizkoa den baliabide hori bermatzeko herrian». Udalarekin izandako lehen bileran, «herrian horrelako kasurik ez zegoela eta babes pisua hutsik egongo zela izan zen Udalaren erantzuna», Emakumeon Erakunde Sozialistak aditzera eman duenez. Baina Itaiak berak publiko egin dituen datuen arabera, «2019an bikote arteko 14 indarkeria kasu eta familia arteko 4» izan ziren, eta joerak «gora» eginez, «2021 urtean, bikote arteko 24 kasu eta familia arteko 2 izan ziren».
Udalaren jarreraren aurrean, egoera hau gizarteratzera ekin zion Itaiak, ehunka herritarren sinadurak bilduz ere. Hala izanda ere, Udalak ezezko erantzuna eman die eta salatu dute, egoera konpontzeko inolako proposamenik ez dutela jaso. Hori horrela, «bide propioa eraikiz, emakumeei babesa eskaini eta indarkeria matxistarekin amaitzeko forma politikoak garatuko» dituela iragarri du Itaiak.