CAF enpresako atariaren eraisketa lanak egiteko eremua prestatzen ari dira
Ibai ondoko espaloia eta bidegorria itxita geratu direnez, errepidearen beste aldeko espaloia erabili beharko da dute oinezkoek eta bizikleta erabiltzaileek. Errepideko trafikoari dagokionez, orain arte bezala mantenduko da.
Laster hasiko dira eraiste-lanak Ezkiagan, CAF lantegiko atarian, Oria ibaiak bertatik igarotzean sortzen duen uholde-arriskuaren arazoa konpontzea helburu duen proiektuaren barruan. Horregatik, langileen etxolak eta azpiegiturak jarri dituzte Olaran eraikinaren ondoan dagoen aparkalekuan. Era berean, makina astunak deskargatzeko eta biltegiratzeko lanak egiten hasi dira. Prestaketa horiek bi astez luzatuko direla jakinarazi du Beasaingo Udalak.
Horrekin batera, hesiak ipini dituzte, eraispen lanak ahalik eta modu seguruenean egin daitezen. Hain zuen ere, hesiak Oria ibaia inguratzen duen ibilbidean zehar jarri dituzte; Joan XXIII kalearen eta Ezkiaga etorbidearen arteko bidegurutzetik, Jose Migel Iturrioz kaleko 15. zenbakiraino.
Lanak iraun bitartean, bidegorria eta ibaiaren aldeko espaloia itxita egongo dira, lanak beharrezko segurtasun balditzetan egin daitezen, Beasaingo Udalak azaldu duenez. Horrela Jose Migel Iturrioz 14etik Ezkiagara eta alderantziz joan nahi dutenek, oinezkoek eta bizikleta erabiltzaileak kasu honetan, Olaran eraikina dagoen aldeko espaloia erabili beharko dute. Espaloia erabiltzen duten bizikleta erabiltzaileei, bizikleta eskuan eramatea eskatu die Udalak.
Ibilgailuen trafikoa
Ibilgailuen trafikoan berriz, ez da eraginik izango lanak burutzen diren bitartean, gaur egun bezala mantenduko da. Oraingo errail bakarraren trafikoa bi ertzetan dauden semaforoen bitartez erregulatuko da. Hori bai, salbuespenak gertatuko dira makineria mugitu behar den momentuetan. Kasu horietan trafiko eten laburrak egon daitezke eta egoera hauek udaltzaingoarekin kudeatuko dira.
Aparkalekuei lotuta, afekzio bakarra Olaran eraikina eta J.M. Iturriotz kaleko 19. zenbakiaren artean dagoen gunean izango da.
Inguruko ostalarien eta merkatarien zamalanak egiteko sor litezkeen arazoak eragozteko, lanen ardura duen enpresa negozioetako arduradunekin jarriko da kontaktuan.
Behin lanak amaituta, Beasaingo Udalak aditzera eman duenez, «gaur egungo trafiko eskema nabarmen aldatuko da erdigunea eta Ezkiaga auzoa modu eraginkorragoan lotzeko». Proiektuaren berrantolaketari esker, espaloiak zabaldu eta bidegorria mantentzeaz gain, bigarren trafiko erraila berreskuratuko da eta norabide bikoitza ezarriko da. Ondorioz, Olaran eraikinaren parean eta Ezkiaga Etorbidearen hasieran dauden semaforoak desagertu egingo dira.