Ana Maria Sanchez izango da Ordiziako PSE-EEren hautagaia
Azken legealdian Iñaki Dubreuilekin aritu da elkarlanean, eta haren testigua hartuko du. "Herritarrei zerbitzatzeko eta haiengandik hurbil egoteko bokazio argiarekin" aurkeztu dela adierazi du.
Ana Maria Sanchez izango da Ordiziako PSE-EEren hautagaia udal hauteskundeetarako. Gaur aurkeztu dute hautagaitza, D’elikatuzen, Ana Maria Sanchezek, Iñaki Dubreuil orain arte zerrendaburu izan denak eta Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako PSE-EEren idazkari nagusiak. Aurreko legealdian Iñaki Dubreuilekin elkarlanean aritu da. Haren testigua hartuko du. Dubreuil zerrendako bigarren postuan izango da, talde sozialistako bozeramaile bezala.
Datuen digitalizazioan eta babesean eta lan-harremanetan eta ordezkaritzan espezializatutako abokatua da. Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako PSE-EEren idazkari nagusiaren hitzetan, «Ordiziako alkatetzarako hautagairik onena» da, «indarrez, gogoz eta herria gidatzeko esperientzia handiz aurkezten» delako.
Alkatetzarako hautagaiak «emakume, ama, langile, abokatu eta sozialista» gisa definitu du bere burua, eta azaldu du «herritarrei zerbitzatzeko eta haiengandik hurbil egoteko bokazio argiarekin» aurkeztu dela.
“Ordiziako enplegua eta garapen ekonomikoa hobetzearen alde lan egingo dugu, gizarte-zerbitzuetako udal-sistema hobetzearen alde eta udalerrian koordinazio soziosanitario egokiaren alde, herritarren segurtasun maila handiagoen alde, energia efizientzia hobetzearen alde eta energia komunitateak bultzatzearen alde, ordiziar gazteen emantzipazioa erraztuko duten alokairu sozialeko etxebizitzen eskaintza handitzearen alde, eta gobernatzeko beste modu baten alde”, esan du hautagaiak.