Asteazken Kooperatiboan elikadura burujabetzako asmoak landuko dituzte
Uggasak sustatuko proiektua da, Biziolarekin eta aldundiarekin elkarlanean. Ekintzailetza sozial kooperatiboa eta ekosistema kooperatiboak bultzatzea du helburu. Ezkion izango da, bihar.
Elikadura burujabetzaren arloan lan egiten duten hiru proiektu aurkeztuko dituzte Asteazken Kooperatiboan. Ezkioko udaletxean izango da saioa, bihar, 18:00etan, Elikadura burujabetzarantz logika kooperatibotik izenburupean. Aurkeztuko dituzten proiektuak hauek dira: Biziola, Ereindajan eta Herrerako Sukaldea.
UG Koop proiektuaren barruan antolatutako saioa izango da. Uggasak martxan jarritako proiektua da, Biziola Kooperatibarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean. Ekintzailetza sozial kooperatiboa eta ekosistema kooperatiboak sustatzeko helburua du.
Hiru kooperatiba proiektu
Goierriko herritarrak, ekonomia sozial eraldatzaileko eragileak eta bestelako erakundeak saretzea du helburu Biziola kooperatibak, «Goierri burujabeago, iraunkorrago eta orekatuago baten bidean proiektu zehatzak martxan jarriz».
Ereindajan, berriz, «hurbilekoak eta sozialki justuak diren kontsumo ereduak garatzeko eta indartzeko proiektua» da. Nekazal eredu agroekologikoa bultzatzea du helburu. Irabazi asmorik gabea da, eta bere lan eremua Debagoiena eskualdean du.
Herrerako Sukaldea Donostian dago, eta «kolektiboki antolatutako zerbitzua» da. «Denbora, esfortzua eta gastuak elkarrekin aurreztuz, lurraldeko lehenengo sektore eta dendetako lehengaiekin egindako jaki osasuntsuak, goxo eta merke, etxera eramateko zerbitzua» da.
Beste hiru Asteazken Kooperatibo ere antolatu dituzte UG Koop egitasmoaren barruan: Martxoaren 22an, apirilaren 26an eta maiatzaren 24an.