Ibilgailuak dagokien lekuan aparkatzeko deia egin du udalak
Herri Eskola eta Topa ostatu inguruan ibilgailuak egokituta eta seinaleztatuta dauden lekuetatik kanpo aparkatzen direla eta, kezka agertu du Ezkioko Udalak. Udalak dio «aspalditik» datorren arazoa dela, eta areago, «behin baino gehiagotan Etxeberrialde, Bazterretxe eta inguruetan ibilgailuak garajeetatik ateratzea» ere eragotzi izan dutela gaizki aparkatutako autoek.
Hala, eta «arazoak hartu duen tamaina aintzat hartuta», udalak Herri Eskolako eta Topa ostatuko erabiltzaileei «bizikidetasun arauak bete ditzaten» eskatu die, eta «ibilgailuak egokituta eta seinaleztatuta dauden lekuetan aparkatzeko» eskatu.
Zigorrak arau hausleentzat
Herriko bizikidetzaren aurkakoak diren ekintza hauek errepikatuz gero, neurriak hartuko dituela jakinarazi du udalak. «Ertzaintzari abisua eman eta dagozkien zigorrak jarriko dira arau hausleen aurka», ohartarazi dute.