Iker Irribarriak pilota profesionala utziko du
Fernando Bidarte Aspe enpresako buruarekin batera agerraldia egingo du bihar hedabideen aurrean erabakiaren berri emateko, Eibarren. Buruz buruko txapela jantzi duen pilotari gazteena da aramarra, 2016an, 19 urterekin.
Iker Irribarri Olazabalek (Arama, 1996) pilota profesionala utziko du, ETBk iragarri duenez. Pilotari aramarrak agerraldi bat egingo du bihar Eibarren Fernando Bidarte Aspe enpresako buruarekin batera hartu duen erabakiaren berri emateko.
Buruz buruko txapela bitan irabazi du (2016an eta 2019an) eta behin bi-bitakoa Rezusta lagun zuela (2017an). Buruz buruko txapela janzten pilotari gazteena izan zen 2016an.
Aspe enpresako 26 urteko pilotaria Binakako Txapelketan parte hartzen ari zen, ordezko gisa. Bi partida jokatu ditu Elordiren eta Peio Etxeberriaren ordez, eta bietan garaipena lortu du.
Maila nagusian, bost finaletatik hiru irabazi
Iker Irribarriak bost final jokatu ditu maila nagusian, eta horietatik hiru irabazi ditu. 2016an Urrutikoetxeari gailendu zitzaion buruz burukoan (22-13), 2017an Bengoetxea VI.aren aurka galdu zuen (22-18) eta 2019an atzera txapeldun atera zen berriz ere Urrutikoetxea mendean hartuta (22-20).
Binaka, txapeldun atera zen Rezustarekin 2017an (Bengoetxea VI.ari eta Larunberi 22-14 irabazita) eta 2019an Elezkano II.aren eta Rezustaren aurka galdu zuten Zabaletak eta biek (22-19). Bost final horiek Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatu zituen.
Promozio mailako final bat jokatu zuen 2015ean. Tolosako Beotibarren izan zen, eta Victor gailendu zitzaion (22-15).
Tximista sagardotegiko bost harrerak
Ordiziako Tximista sagardotegia izan da urteotan Irribarriak jokatutako finalen topalekua. Hona hemen bost ongi etorri horietan GOIERRIKO HITZAren kolaboratzaile Gotzon Aranburuk egindako beste horrenbeste bideo.
2016KO LEHEN TXAPELA
2017KO BINAKAKO TXAPELA
2017AN BURUZ BURUKOA GALDU ONDORENGOA
2019AN BINAKAKOA GALDU ONDORENGOA
2019KO BURUZ BURUKO BIGARREN TXAPELA