Legorretako armarria, berritzear
Herriko armarria berritzeko prozesua jarri du martxan Legorretako Udalak. Rosa Aierbe Historian doktore eta EHUko irakasleak armarriaren historia ikertu eta proposamen bat egin du. Asteartean plenora eramango dute proposamena, behin-behineko onarpena emateko.
Herriko armarria berritzeko prozesua jarri du martxan Legorretako Udalak. Armarri bat baino gehiago izan du urteetan zehar Legorretak. Horregatik eta gaur egungoa zaharkituta geratu delako, armarri bakarra eta berritua proposatu dute. Ikerketa bat eskatu dio udalak Eusko Ikaskuntzari, eta horren bitartez, Rosa Aierbe Historian doktore eta EHUko irakasleak egin du armarriaren historiaren inguruko ikerketa.
Udalak etxeetara bidalitako esku orrian azaldu duen bezala, Legorreta Villafrancara batu zen 1399. urtean. 1615ean Villafrancatik bereizi eta herri izaera berreskuratu zuen, baina ez zuen gastuei aurre egiteko nahikoa baliabiderik, eta hala, Altzaga, Arama, Gaintza, Itsasondo eta Zaldibiarekin herrien batasun bat sortu zuen. Orduan ez zuen armarririk Legorretak.
Dokumentuetako zigiluetan agertzen da lehen aldiz Legorretako armarria. Rosa Aierbek azaldu duenez, 1848 inguruan sortu zuten, «Altzokoa bezala»: «Azkenaldian dokumentu bat jaso dut, 1876koa, non herriko armarria agertzen den. Seguruenik Madrilgo Artxibo historikora herrietako zigiluak bidaltzeko eta artxiboan jasotzeko deialdirako sortu zuten».
Apaingarriak kenduta
Hori da Aierbek lortu duen dokumenturik zaharrena. Forma obalatua du armarriak, eta zuhaitz bat ageri da, mendi baten gainean. Zirkulu obalatu bikoitza dauka inguruan, gurutze bat goialdean, eta N(oble) y L(eal) Villa de Legorreta du idatzita. Koro bat ere badu gainean. Hurrengo zigilurik zaharrena 1935ekoa da, itxura berekoa. Urteen poderioz, aldaketak izan ditu armarriak. Adibidez, 1944koak zirkulu bakarra du, eta barruan agertzen dira hitzak. 1983an, aktak bi hizkuntzatan idazten hasi eta zigiluko hitzak ere euskaratu zituzten.
Aldaketak aldaketa, baina, elementu tradizionalak berdin gorde dira aurkitutako armarri guztietan. Ikerketan ateratako ondorioekin, armarri tradizionalari eustea proposatu du Aierbek, baina gaur egungo errealitatera egokituta. Hala, proposamenean zuhaitz bat agertzen da, haritza dela identifikatuta, eta gainontzeko elementuak kenduta (zapia, hitzak,koroa, gurutzea). «Armarri heraldikoaren elementuak sinplifikatu dira, kendu daitezkeen apaingarriak direlako», azaldu du Aierbek.
Minimalismoaren aldeko apustua egin dute, Legorretarekin zuzenean loturarik ez duten elementuak kenduta: «Legenda ez da berezkoa Legorretarena, Gipuzkoako hiri, herri eta unibertsitate guztiena baizik. Ez zuen espezifikoki ezer eskaintzen».
Hilaren 28an, plenora
Eusko Ikaskuntzak Rosa Aierberi enkargatutako ikerketaren emaitzekin egindako proposamenaren diseinua Jon Ander Artola diseinatzaile tolosarrak sortu du. Legorretako Udalbatzak aho batez hasierako onarpena eman zion proposamenari. Aurreko astean herritarrei aurkeztu eta ekarpenak jaso zituzten. Asteartean, hilaren 28an, plenora eramango dute, bertan behin-behineko onarpena emateko. Ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundira bidaliko dute, behin betiko onarpena eman ahal izateko.