Aranbarrik ‘Hik egurre, nik teilatue’ aurkeztu du Zerainen
Igartubeiti baserri museoak abian jarritako Ars Natura egonaldi artistikorako aukeratua izan den Gari Aranbarri artista azkoitiarrak bere proiektua aurkeztu zien, pasa den larunbatean zeraindarrei. Hik egurre, nik teilatue izena eman dio proiektuari eta aurkezpenean bere lanketari buruzko xehetasunak azaldu ditu.
Aranbarriren proiektuaren abiapuntua «70. hamarkadan sortu ziren mugimendu autonomoak» izango dira. Pertsona talde batzuk baserriak okupatzen hasi ziren garai hartan «bizimodu alternatibo bat sortzeko ideiak mugituta».
Arte plastikoak baliabide
Artista azkoitiarrak azaldu duenez, «gaur egungo baliabideak aintzat hartuta gisa horretako proposamenak nola gauzatu daitezkeen» aztertzea izango da bere proiektuaren xedeetako bat. Eraikuntza honekin gaiarekiko azterketa egin nahi du «arte plastikoetatik abiatuta». Belaunaldien arteko ezberdintasunak ere aztertuko ditu.
Egonaldi artistikoa martxoaren erdialdera arte luzatuko da eta Aranbarrik zeraindarrekin zuzenean egoteko aukera izango du bitarte horretan. Oraindik guztiz zehaztu gabe duen arren, azken emaitza «instalazio edo bideo bat» izan daitekeela aurreratu zuen aurkezpenean.