«Artelana ez da garrantzitsua, komunikazioa baizik»
Mail Art arte diziplina jorratzen du legazpiarrak. Norberak egindako artelanak beste batzuekin posta bidez partekatzean datza. Hilean 30 bat artelan jasotzen ditu, eta beste hainbeste egin eta bidali.
Zer da Mail edo Posta Artea?
XVIII. eta XIX. mendeetan artista eta artea sakralizatu egiten ziren garaietatik abiatuta, arte mota horren aurkako edo antiarte joerak sortu ziren, Dadaismoa edo Fluxux kasu. Artea gauza arrunta dela, edozeinek egin dezakeela diote joera horiek, eta eguneroko gauzak arte bihurtzeko saioak egiten hasi ziren. Artearen definizioa ere aldatu zuten, eta artea komunikazioa dela zioten. Hau da, nik artelan bat egiten dut eta zuri ematen dizut, artea berez ez da nik ematen dizudan lana, baizik eta lan horrekin sortzen den komunikazioa. Objektuak ez du baliorik, tresna bihurtzen da. Eta hor sortzen da Mail Art diziplina, Posta Artea.
Zertan datza?
Ni artista naiz, edo ez naiz, berdin da. Baina nik egiten dut artelan bat, eta horrekin komunikazio bat sortzea da helburua. Hau da, nik egiten dudan lana beste bati helaraztea. Eta hori lortzeko modu errazena posta bidez da. Tartean ez dago dirurik, trukea da oinarria.
Nolako artelanak dira?
Edozein estilokoa, edozein materialekoa, edozer gauza… kontua da bidali egin behar dela, eta bitarteko horrek, postak, mugatu egiten duela obra neurri jakin batzuetara. Hau da, postak agintzen du. Eta postak ere laguntzen du artelan hori osatzen, gerta daitekeelako bidalketan zerbait puskatzea… hori dena ere artea bezala ulertzen da. Artelana gutun-azal batean sartuta bidaltzen da, eta gutunazala bera ere bada artelanaren zatia.
Nola sartu zinen honetan?
Alde batetik, ni historia eta artearen historia ikasitakoa naiz eta profesionalki ez bada izan ere, beti ibili naiz artearen munduan. Bestalde, eskulanak eta artelanak egitea beti gustatu izan zait. Eta hirugarrenik, filateliaren inguruan ere ibilia naiz. Orduan, hori guztia koktelera batean sartuta konturatu nintzen egiten nuena eta gustatzen zitzaidana horixe zela, Mail Art edo Posta Artea. Askatasun osoa ematen dit, gainera, egin nahi dudana egiteko eta nahi dudanarekin konpartitzeko.
Norekin konpartitzen duzu?
Modu indibidualean trukatzen ditugu lanak, Amaierarik Gabeko Sarea deitzen dugun foro edo sare baten barruan. Azken finean, kontaktuen zerrenda bat da, egitura errrizomatikoan antolatuta dagoena. Sare horretan edonor sar daiteke. Eta bestetik, erakusketak egiten ditugu.
Zer dira erakusketa horiek?
Norbaitek deialdi bat egiten du, gai batekin edo gairik gabe, eta parte hartzeko lan bat bidaltzen duzu. Gero, jasotako lanekin antolatzaileak katalogo bat argitaratzen du, bere ahalmen ekonomikoaren arabera xumeagoa edo txukunagoa izan daitekeena. Horrela, mundu osora irist daitezke zure lanak.
«Batez beste, egunean artelan bat jasotzen dut. Denak artxibatu egiten ditut»
«Gure arteko trukaketetan, teorian, ez dago inolako mugarik, baina gai faxistak eta sexistak ez dira onartzen»
Nongo erakusketatan parte hartu duzu?
Nik, normalean, Mail Art diziplina garatuago dagoen lekuetan parte hartzen dut, Estatu Batuetan, Kanadan, Brasilen, Argentinan, Japonian, Frantzian, Italian, Alemanian, Errusian, Ukrainan…
Aldizkariak ere argitaratzen dituzue.
Bai. Erakusketak baina mugatuagoak dira. Lan originalak muntatuta egindako aldizkariak dira, hogei bat lanekoak.
Zein gai lantzen dira?
Erakusketetan, batzuetan, gaia zehazten da. Beste batzuetan, berriz, librea da. Bestela, gure arteko trukaketetan, teorian, ez dago inolako mugarik, baina gai faxistak eta sexistak ez dira onartzen. Izan ere, lan horrekin normalean mezu bat transmititzen duzu, batzuetan baita karga politikoa ere, bereziki Hego Amerikan. Orain, gerraren aurkako mezuak zabaltzen ari gara.
Internetez ere egiten dira trukeak?
Niretzat E-Mail Artea da hori, eta pandemiak areagotu egin du. Pandemia garaian posta zerbitzu asko murriztuta zeuden, eta lanak posta elektronikoz bidaltzen hasi zen jendea. Horrela, erakusketetan, katalogo fisikoak egin beharrean, web orrialde batean jartzen ziren ikusgai. Nire ustez hori ere Mail Artea da. Izan ere, helburua bada komunikazio bat sortzea artisten artean, horrek ere balio du. Beste euskarri mota bat da. Hala ere, badago eztabaida bat honen inguruan: lanak lehen bezala fisikoki sortu eta eskaneatu edo argazki bat aterata bidali, edo interneten zuzenean sortu. Nik uste dut biak direla baliagarriak. Izan ere, objektua edo artelana ez da garrantzitsua, komunikazioa baizik.
Posta arruntean zenbat lan jasotzen dituzu egunean?
Herriko postara egunero joaten naiz. Urtarrilean 78 jaso nituen, baina hori asko da, urte berria hasi zelako izan zen. Batez beste, egunean artelan bat jasotzen dut. Denak artxibatu egiten ditut, eta jasotako lan guztiak sare sozialetan zabaltzen ditut gero, bidaltzaileak jakin dezan jaso dudala, Instagramen (@mikelarchive.mailart) eta Facebook-en (mikeluntzilla.archive). Badago mail artistei eskainitako plataforma bat ere, International Union Of Mail Artist, eta hor ere jasotzen dira gure lanak.
Jasotako lan guztiei erantzuten diezu?
Bai, denei, banan-banan.
Nolakoak dira zure lanak?
Edozein gai erabiltzen dut, eta teknikak ere, ugari. Egun batean egingo dut collage bat, beste batean marraztu, beste batean argazkia… Horregatik gustatzen zait Mail Artea, askatasuna ematen duelako edozer gauza egiteko, denetik egiteko.