Estanda enpresako langileek manifestazioa egin dute "hitzarmen duina" eskatzeko
LAB, ELA eta CCOO sindikatuek beste bost greba egun iragarri dituzte. Espero dute enpresako zuzendaritzak "jarrera aldatzea".
Beasaingo Fundiciones del Estanda S. A. enpresako langileek manifestazioa egin dute Beasainen. Iragan astean, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek jakinarazi zuten, «2021 urtetik lan hitzarmenik gabe» daudela, «2022ko ekainean» hasi zirela hitzarmena negoziatzen, baina enpresaren «jarrera itxia tarteko, oraindik ez dugu akordiorik lortu», horregatik, grebara jo eta lanuzteekin hasi ziren pasa den astean.
Mobilizazioen bigarren astean sartuta, gaurko deitu duten manifestazioaren atarian enpresa batzordean dauden hiru sindikatuetako ordezkariek azaldu dute, “akordiorik ez” dagoela enpresaren zuzendaritzarekin. Langileen egoera gizarteratzeko helburuarekin, Beasaingo kaleak zeharkatu dituzte “hitzarmen duina” eskatuz.