Etorkizuneko Idiazabal eraikitzeko ekintza plana garatu du Idiazabalgo Udalak
Idiazabalgo Udala 2030 Agenda plana lantzen ari da herritarrekin. Agenda 2030 Europar Batasuneko Nazio Batuen Elkarteak bultzatutako ekimena da, non etorkizunari begira eta garapen jasangarriago bat lortzeko bidean, 17 helburu adostu dituen elkartea osatzen duten herrialde guztiekin batera. Idiazabalgo Udalak ere bat egin du helburu hauekin eta etorkizuneko Idiazabal eraikitzeko helburuak finkatu ditu herritarrekin batera osatutako plan estrategikoan.
Laia Kooperatibarekin elkarlanean eta hainbat herritar eta eragileren parte hartzearekin, 2022. urtearen erditik gaur arte gogoeta prozesu bat garatu du udalak, globalizazioak dakartzan gizarte, ekonomia eta ingurumen erronken aurrean herriaren egoera aztertu eta etorkizuneko norabidea zehazteko helburuarekin. Laia Kooperatibako Leire Garmendiak azaldu duenez, «Agenda 2021aren baitan osatutako plan estrategikoa berrikusi da, eta helburu berri hauek aintzat hartuta herri plan berri bat garatu da».
Herriko ikuspegi eta pertzepzio ezberdinak jaso eta diagnostiko bat osatzeko Idiazabalgo herriko sektore ezberdinetako herritarrekin hainbat bilera egin dituzte iraila eta urria bitartean. Guztira, «70 pertsonari deitu zaie banan-banan eta sektoreka antolatuta —Ongizatea, Adinekoak, Merkatariak, Industria, Landa-Natura-Ingurumena, Kirola-Kultura-Euskara, Hezkuntza eta Udal eragileak elkarrizketa saio formatuan hainbat bilera egin dira».
Bost helburu finkatuta
Prozesuaren hasieratik herritarrak izan dira protagonista Garmendiak esan duenez, baina herritarrak horrelako prozesu batera gerturatzea «ez dela lan erraza izan» gaineratu du. «Orokorrean herriarentzat lan egingo duen jende aktiboa aurkitzea ez da erraza», berretsi du. Herritarren iritziak entzun eta behin diagnostikoa osatuta, «Idiazabalen etorkizunera begirako lan ildo nagusienak zehaztu ditugu, bost helburu nagusitan laburbilduta», esan du Garmendiak.
Lehendabiziko helburua «herri txiki izaerari eutsiko dion herri jasangarri eta berdeagoa antolatzeari dagokiona da», herritarren ongizatea eta ingurumenaren zaintza bermatuko dituena. Bigarrena, «trantsizio sozioekonomikoan oinarrituko den garapen ekonomikoa bultzatzea», herriko industria eta zerbitzuen sektorea aintzat hartuko dituena. Hirugarrena, «zaintzaren baloreak sustatuko dituen gizarte lagunkoia eraikitzea». Laugarrena, «gizarte euskalduna eta hezitzailea bermatzea, kultur eta kirol eskaintza zabala sustatuko dituena». Eta bosgarrena eta azkena, «herrigintza eta gobernantza sustatuz, gizarte aktibo eta parte hartzailea sustatzea».
Behin helburuak finkatuta, ekintza planari ekitea izango da hurrengo pausua. Horretarako, hainbat ekintza zehaztuta daude dagoeneko, baina herritarren ekarpenak jaso nahi ditu udalak ekintza plana osatzeko.