Goierritar bakoitzeko 394,3 kilo hondakin sortu zen iaz eskualdean
Sasietak egiten dituen hiru bilketa motak batuta, hondakinen %77 bereizita jaso da. Herrikako eta garbiguneetako kopuruak jaitsi dira 2021etik 2022ra; industriakoak, hazi.
Egunean kilo bat hondakin baino gehiago sortu zuen 2022an goierritar bakoitzak. Sasieta Mankomunitateak atera ditu iazko hondakin bilketaren datuak, eta herrikako bilketa, eskualdeko hiru garbiguneetan jasotakoa eta industrialdeetako bilketa batuta, goierritar bakoitzeko 394,3 kilo ateratzen da. Guztira, 27,7 milioi kilo hondakin bildu dira, 2021eko azken errolda ofizialean zeuden 70.250 bizilagun goierritarren artean.
Kopuru orokor horretatik, 21,3 milioi kilo (%77) bereizita bildu ziren, eta birziklatzera edo baimendutako kudeatzaileengana bideratu ziren hondakin horiek. Gainerako 6,3 milioi kilo (%23), erraustegira joan zen.
2021arekiko alderatuta, bi milioi kilo hondakin gutxiago sortu eta bildu ziren Goierrin iaz; %6,93 egin du behera, beraz, sorkuntzak. Biztanleko 423,7 kiloko tasa geratu zen duela bi urte, eta iaz buruko 29,4 kilo gutxiago.
Industrialdeetan, gehiago
Beherakada bi bilketa motatan izan da. Herrikakoan %4,7 gutxiago jaso zen, kopuru absolutuetan 1.038.296 kilo hondakin gutxiago. Kontuan hartu behar da 2022an biztanleria galdu zuela Goierrik, aurreko urtean baino 289 bizilagun gutxiagorekin. Hau da, 0,41eko uzkurtzea.
Garbiguneetara herritarrek eramandakoak are nabarmenago egin zuen behera 2021etik 2022ra: %21,12. Denera, 1.098.797 kilo gutxiago zenbatu zituzten Beasaingo, Ordiziako eta Urretxuko garbiguneetan.
Hazi dena industrialdeetako bilketa izan da, industri jardueraren azkartzea adieraz dezakeen datua. Beste bi eremuetako beherakada baino motelagoa izan da industrialdeetako gorakada, %2,8koa (73.870 kilo gehiago iaz, 2021arekin alderatuta).
Bereizitako bilketa jaitsi
Hondakin bilketa orokorrean bi milioi kilo gutxiago bildu baziren, bereizita jasotakoaren tasak ere beherakada jasan zuen iaz. Herrikako bilketan, 2021ean Goierriko bataz bestekoa %77,2 bereiztea izan zen, eta iaz lau hamarren egin zuen atzera: %76,8.
Garbiguneetan bereizketa tasa %90,9era iritsi da. Makal jarraitzen duena industrialdeetakoa da, %56,9ko tasarekin. Hala ere, azken lau urteetan aurrerapausoak eman dira eremu horretan, 17 puntu hobetuta (2019an industrialdeetan %39,6 besterik ez zen bereizita jasotzen).
COVID-19aren pandemia aurrearekin alderatuta, berriz, 2019 eta 2022 artean Goierrin %8,34 jaitsi da hondakin kopurua. Herrikako bilketa %4,38, garbiguneetakoa %21,22 eta industrialdeetakoa %14,6 beheratu dira. Guztira, iaz 2019an baino 2,5 milioi kilo hondakin gutxiago jaso eta tratatu ditu Sasietak.
Gaikako bilketak, aldiz, goranzko joera eten du, eta oro har 0,5 puntu apaldu da, %77ko tasan geratzeko, batez ere herrikako jaitsieran eraginez.
Udalerriei begiratuta, 2022an herrikako bilketan %76,8ko bataz besteko bereizte tasa geratu zen. Bederatzi herrik dute eskualdeko batez bestekoa baino bereizte tasa hobea: altuena, Ormaiztegik, %85,3koa. Beherago daude hamahiru herri, tartean sei populatuenetatik bost.