Iker Irribarria: "Dudarik gabe fisikoa da, belaunarengatik ez balitz jarraituko nuke"
Martxoaren 4an jokatuko du Iker Irribarriak azken partidua. Zabaletarekin jokatuko du, Altuna-Martija bikotearen kontra, Donostian. Gaurko prentsaurrekoan azaldu du belauneko minak eta ezin egonak pilotari profesionalen mailan segitzea galarazten diola: "Espezialisten gomendioa argia izan da".
Iker Irribarria Olazabalek (Arama, 1996) pilota profesionala uzteko arrazoiak azaldu ditu gaur, Eibarreko kultur etxean emandako prentsaurrekoan. Atzo zabaldu zen pilota profesionala utziko zuela, eta gaur erabakiaren berri emateko eta zergatiak argitzeko agerraldia egin du, Fernando Vidarte Aspe enpresako buruarekin. “Belauneko minak nire mailarik onenean segitzea galarazten dit”. Martxoaren 4an jokatuko du profesional gisa azken partidua, binaka, Zabaletarekin, Martijaren eta Altunaren aurka, Donostian.
Irribarriak azaldu duenez, “duela urtebete ingurutik” ibili da ondo entrenatu ezinik osasuna medio. “Ebakuntza izan ondoren, belauneko minarekin eta ezin egonda egon naiz. Ahalegindu naiz soluzioa bilatzen, mediku espezialista askorekin hitz egin dut, tartean Mikel Sanchezekin, baina denen gomendioa argia izan da. Kirolari eta osasunari buruz hausnartu ondoren, martxoaren 4an amaituko da, indarrean dagoen kontratua amaituta. Bizitzan hartu beharreko erabakirik gogorrenetarikoa da, baina Julen Ortiz de Muruaren laguntzarekin errazagoa da osasunak duen garrantziaz jabetzea. Bihotzez eskerrak”, esan du pilotari aramarrak.
Txikitatik pilotan aritu da, eta pilotari profesional izateagatik “pribilegiatua sentitzen” da. “Pilotaria nintzen, naiz eta izango naiz. Ez naiz kantxetatik gehiegi aldenduko, oso maitatua sentitu naiz, kantxan barruan eta kanpoan, eta hori taldekideei eta zaleei esker da. Aho zapore gozo batekin agur esango diet”.
Alderdi fisikoaz gain, maila horretan aritzearen arlo psikologikoa ere aipatu du: “Goi mailako kirolari izateak exijentzia maila altua dauka. Askotan bizi behar izan dut espektatibak ez betetzearen garratza, prentsaren presioa. Alderdi psikologikoa ere badago pilotan, sarritan gutxi ikusten dena. Benetan maite dudan zerbait uztera noa”. Dena den, alderdi fisikoak erantzunik eman ez diolako esango dio agur pilota profesionalari. “Dudarik gabe fisikoa da, belaunarengatik ez balitz jarraituko nuke”. Eskerrak eman dizkie familiari, lankideei, lagunei eta zaleei, eta gogora ekarri ditu haren egoera bizi behar izan duten pilotari gazteak zein goi mailakoak. “Jakin oso identifikatuta sentitzen naizela zuekin. Besarkada bana”.
Batetik, “pena izugarriarekin” agurtuko du pilota profesionala, eta bestetik, “egindakoarekin oso harro”. Buruz buruko txapela bi aldiz irabazi du (2016an eta 2019an), eta behin binakakoa, Rezustarekin (2017an). Buruz buruko txapela janzten pilotari gazteena izan zen 2016an, 19 urterekin.
Erabaki garbia
Aurten Binakako Txapelketan parte hartzen ari zen, ordezko gisa. Bi partida jokatu ditu Elordiren eta Peio Etxeberriaren ordez, eta bietan garaipena lortu du. Beste modu batera jokatu nahi bazuen ere, “aho zapore onarekin” doa. “Asko gozatu dut, baina egunerokotasunean belauneko mina duzunean asko kostatzen da”.
Mediku espezialistek “argi eta garbi” esan diote maila horretan ezingo duela segi. “Denek esan didate pistoia jaitsi behar dudala eta mugak dauzkadala. Niretzat onena da eta horregatik lasai nago”. Etorkizunera begira egingo duena ez du zehaztu, baina esan duenez ez da pilota mundutik asko aldenduko. “Egunerokotasunean nola sentitzen naizen ikusi, lasai egon eta bilakaera zein den ikusi”.
Pilota munduko bere ibilbide profesionalari uko egin eta osasuna jarri du aurretik. Hiru txapel irabazita esan dio agur goi mailari, baina “enpresan taldekideekin bizitako giroarekin” eta “pilota mundu ederrean izandako harremanekin” geratuko da. “Azken 8 urteetan nire ondoan egon direnei eskerrak eman nahi dizkiet. Haiengatik izan ez balitz nire bizitza beste bat izango litzatekeelako. Mila esker familiari, Julen Errandoneari, Jokin Etxanizi, Pedro eta Ana, taldekide eta lagunei. Gozatu dugu bidean eta segi dezagula”.