Sagarra bukatzen eta ereite lana hasten
Bertako azken sagarrak saldu dira Ordiziako Azokan. Azken egunetako eguraldi polita ikusita, patata ereiten ere hasiak dira.
Esan daiteke lan batzuk ez dutela etenik, eta baratzekoa da horietako bat. Halere urte sasoiaren arabera lan handiagoa izaten da. Hemendik aurrera hasten dela epe hori esan daiteke. Zaldibiako Axun Etxeberriak aipatu duenez, «patata pixka bat erein dut aste honetan, eguraldi onarekin animatu egin naiz». Zeraingo Iñaki Intxaustik, honakoa: «Atzo erein genuen Miren izeneko patata, aire librean. Goizeko patata da Arabako Herediatik ekarritako ekologikoa eta ea orain eguraldiak laguntzen duen».
Arabatik ereiteko Agria patata ekologikoa ere ekarri du eta salgai izan du Ordizian (2 euro kiloa). Urtero Jabier Lacallek ekarri ohi ditu hainbat patata mota. Gaur ere batzuk bazituen, baina datorren eguraldia ikusita, aste honetan inor gutxi animatuko dela lan horiek egitera eta datorren astean aukera handiagoa izango duela aurreratu digu.
Bestalde udazkenean ereindako baba eta ilarra loretan duenik ere bada, Mutiloako Juanita Murgiondok hala esan digu: «Loretan daude baina momentuan geldik, eguraldia lagun izan ezean jai dute».
Sagarra bukatu da
Iaz oso sagar gutxi izan zen. 2021ak eman zituela bi urtetakoak esan daiteke. Ordizian ez da gehiago hemengo sagarrik salgai izango. Azken «etxeko sagarra» Arantxa Zurutuzaren postuan erosi ahal izan da, Idiazabalgo Kalbariokoa. Iaz berriz San Joanetan aukeran ziren bai aurreko urteko errezila eta San Joan sagar hasi berria.
Primula eta diplademia
Loreentzat hauxe da garairik lasaiena. Izan ere negukoak aukeratzeko ia berandu eta udaberri udakoentzat goiz antza.
Laster hasiko dira lehen geranioak ekartzen baina hotzarekin kontu handia izan behar. Aldiz ja ikusten hasi gara aire librean San Jose loreak eta Ordizian ere salgai da primula 2 euroan, «primavera» ere esan ohi zaie. Lehen diplademiak ekarri ditu Iñaki Azanzak 5 euroan bakoitza. Hotzarekin hostajea galtzen bazaie ere, urte batetik bestera iraun ohi duen lorea da eta urtetik urtera gehiago saltzen dela aipatu du Azanza lore saltzaileak.