Trapalata txaranga, festak alaitzeko prest
Igandeko inatueri konpartsarekin egin du debuta Trapalata Legazpiko txarangak. Doinua musika eskolako ikasleak dira, 13 eta 21 urte bitartekoak, eta prest daude herrietako jaiak girotzeko.
Legazpin du egoitza eta Legazpin egin du debuta Trapalata txarangak. Inaute igandean kalez kale ibili ziren txaranga berriko musikari gazteak Sustraiak dantza taldeak antolatutako Luzaideko inauteriaren konpartsari musika jartzen.
Doinua musika eskolan ikasten eta musikalki hezten ari diren hamabost gaztek osatzen dute Trapalata txaranga. Legazpikoak dira gehienak, baina Gabiriakoa da bat eta Urretxukoa beste bat. Partaideak 13 eta 21 urte bitartekoak dira, eta txaranga tradizional bateko musika tresnak jotzen dituzte, hau da, perkusioa, tronpeta, tronboia, saxofoia eta helikoia. Gazteak izan arren, badute esperientzia, gehienak musika eskolako bandetan ere jotzen dutelako. Batzuk baita Legazpi Musika Banda handian ere.
Debuta, konpartsarekin
Esperientzia horretaz baliatuta, eta gaztetasunak ematen dien ausardia aurrean jarrita, Legazpiko mendi bati izena hartu eta txaranga osatzea erabaki zuten. Asteak eman dituzte entseguetan murgilduta lehen emanaldi publikoa egin aurretik, eta taldeari itxura formala emateko uniformea ere erosi dute.
Sustraiak dantza taldeak egindako gonbidapena izan da debuterako aitzakia, eta txaranga batek jotzen duen ohiko errepertorioari Luzaideko inauteriko doinuak erantsi behar izan dizkiote.
Astero hiru eta lau entsegu egin dituzte, Legazpi Musika Bandaren lokalean. Trapalatako kideak oso eskertuta daude Sustraiak dantza taldearekin eman dien aukeragatik, eta musika bandarekin, lokala uzteagatik. Herritarrentzat ere esker hitzak dituzte, igandean oso harrera ona egin zietelako.
Kontratazioetarako prest
Talde barruan ardurak denen artean dituzte banatuta, baina Izaro Osinalde da koordinatzalea. Lehen emanaldi arrakastatsuaren ondoren, aurrera begira jarrita daudela dio. «Denerako prest gaude, festetarako eta behar denerako». Entseguekin jarraitzen dute, «orain lasaiago», errepertorioa pixkana handitzen joateko, eta laster hasiko diren herrietako jaiak dituzte jomugan. «Oraindik ez dugu ezer lotuta, baina gauzak ateratzen hasi dira».
Norbaitek kontratatu nahi baditu helbide elektroniko honetara mezua bidali dezake: trapalata.txaranga@gmail.com. Telefono bidez ere bai: 688 87 19 37. Instragram kontua ere badute: @trapalata_txaranga.