«Asko gozatu dut idazten, eta hori eleberrian nabari da»
Ormaiztegin bizi den Maite R. Otxotorenak (Donostia, 1970) ‘Un desierto de hielo’ eleberria argitaratu berri du Planeta-rekin. Hamargarren eleberria du. Antartikan girotutako nobela beltza da azken hau.
Antartika, zientzia-base norvegiar bat eta gorpu bat. Horrela hasten da zure azken eleberria.
Zientzialari baten gorpua agertuko da Antartikako Nytt Hap izeneko zientzia-base batean. Gorpua biluzik dago, sabelaldean ebakiz osatuta Kripos hitza agerian duela. Kripos Norvegiako Ikerketa Kriminalerako Agentziaren izena da.
Eleberrian kontatzen den istorioa, sagu-zulo bilakatuko den base horretan garatuko da. Antartika bezalako testuinguru arrotz batean bakartuta daude base barruan bizi diren pertsonak. Hiltzaile ezezagun bat leku seguru bakarra duten eraikin horretan itzulinguruka dabilela, tentsioa areagotuz joango da euren artean.
Ekothriller bezala definitu duzu nobela.
Nire azken bi eleberriek hausnarketarako mezu bat dute oinarrian. Oraingo honetan ozeanoa izan da aitzakia, bizitzari eta biziraupenari buruz hitz egiteko. Biziraupena da eleberriaren ardatza. Pertsonaia guztiak muturreko egoeretara eramango ditu istorioak, protagonistatik beragandik hasita.
Antartikaz gainera, Donostia ere eleberriko agertokietako bat da. Zergatik?
Gauza batek bestera eraman ninduen. Eleberrirako istorioa buruan nerabilela Arkaitz Iurrita ormaiztegiarra ezagutzeko zortea izan nuen. Berak gida lanak egiten ditu Antartikan. Zorte ikaragarria eta kasualitate zoragarria izan da! Arkaitzengandik jasotako lehen eskuko testigantzak berebiziko garrantzia izan du eleberria idazterako orduan. Eleberriko protagonistak, Mikel Ibarrak asko du Arkaitzengandik. Eta Donostia, nire jaioterria izanik ilusioa egiten zidan eleberrian agertzeak. Hiri atsegina eta goxoa da, Antartikaren antitesia ia. Kontakizunean sakontzen hasi aurretik, irakurlea egoera eroso batean kokatzeko aukera eman dit Donostiak.
Mikel Ibarra da protagonista nagusietako bat.
Asko maite dut Mikel Ibarraren pertsonaia. Bizi duen egoera pertsonalagatik apurtuta dagoen pertsona bat da, baina era berean borrokalaria ere bai, bizitza asko maite duena. Gida da Antartikan, urpekaria, eskalatzailea eta Ertzaina ohia… natura biziki maite du. Hori da hain zuzen, eleberri honen funtsa.
Erika Oblyakov da beste protagonistetako bat, Kripos-eko agentea. Ibarraren antz handia du, borrokalaria da bera ere, aurrea izandako oztopoak gaindituta, bizitzaren beste une batean dago Oblyakov. Ibarra amildegiaren ertzean dagoela agertuko da. Bera izango da, gainera, Ibarrari Antartikara hilketa ikertzera joateko gonbita luzatuko diona. Erikak asko du nire amagandik.
Ibarra eta Oblyakov aipatu dituzu baina pertsonaia gehiago ere agertzen dira eleberrian.
Oso istorio korala da zentzu horretan. Nytt Hap gizartearen isla dela esan daiteke. Hilketa baten aurrean agertu daitezkeen kontraesan, traizio, kulpa sentimendu etab… isla dira pertsonaiak, bakoitza bere modura. Kontzientzia-azterketa bat da.
“Nobela honen lehendabiziko bertsioa zakarrontzira bota behar izan nuen”
“Nire azken bi eleberriek hausnarketarako mezu bat dute oinarrian. Oraingo honetan ozeanoa izan da aitzakia, bizitzari eta biziraupenari buruz hitz egiteko”
Pertsonaiez gain, Antartika bera ere protagonista nagusietako bat da.
Natura bere horretan da protagonista, ederra bezain basatia eta gobernaezina. Istorioari presioa gehitzeko elementu bat gehiago izango da Antartika. Base barruan duten arazoari, kanpoan duten bestelako etsaia da, nolabait esatearren Antartikako muturreko klimatologia.
Genero honetan sentitzen zara erosoen idazterako orduan?
Bai. Joko asko ematen dit kontatu nahi ditudan zenbait gai adierazterako orduan. Beste genero batzuek baina baliabide gehiago ematen dizkit thriller-ak idazterako orduan. Oso eroso sentitzen naiz.
Un desierto de hielo zure hamargarren eleberria da, eta Planeta argitaletxearekin argitaratu duzuen lehendabiziko eleberri berria.
Hala da. La mensajera el bosque aurreko eleberria ere Planetarekin argitaratu nuen, baina berrargitalpena izan zen. Hau da Planetarekin zuzenean argitaratzen dudan lehen eleberria, bai.
Zer suposatu du zuretzat?
Idazten hasterako orduan presio handiagoa jarri nion neure buruari, erronka bat izan da. Nobela honen lehendabiziko bertsioa zakarrontzira bota behar izan nuen. Nire buruarekin eta editorialeko arduradunekin elkarrizketa sakon bat izan eta gero berriro ekin nion lanari. Idazterako orduan ni neu izatea izan da gakoetako bat. Asko gozatu dut idazten eta hori emaitzan nabari dela uste dut. Irakurleek ere, nik idazten bezain beste gozatzea espero dut.