Komun publikoak jarriko dituzte plazan herritarren eskariz
Segurako Udalak 2.400.000 euroko aurrekontua izango du 2023an. Hala adostu zuen udalbatzak, otsailaren 1ean egindako osoko bilkuran, aho batez. Segurako udal aurrekontuari dagokionean, «udalak dituen gastu finkoetara bideratzen da diru gehien», Izarra Urdalleta Segurako alkateak zehaztu duenez. Pertsonal gastuak, eta bestelako gastu estrukturalak sartzen dira bertan.
Gainontzean, hainbat alorrek «pisu handia» dute gastuei dagokionean, tartean kirolak: «batez ere zerbitzuen kudeaketan eta instalakuntzen mantenu eta garbiketan». Gizarte alorrera bideratuko diren partidak bere horretan mantenduko dira, ez hala, Berdintasunari dagokiona. «Emakundek emandako diru laguntza baten bitartez, Segurara bizitzera etorri diren jatorri anitzeko emakumeen inguruko diagnosi bat egingo dugu beraiekin batera», zehaztu du Urdalletak.
Herrian egingo diren inbertsioetarako ere diru partida garrantzitsuak aurreikusi dira, «inbertsioek gora egin dute, lortutako diru laguntzak ere horretara bideratuta doazelako», esan du alkateak. Urte honetarako aurreikusita dagoen proiektu garrantzitsuenetako bat plazan komun publikoak jartzearena izango da, besteren artean, herritarrek «aspalditik» egindako eskaerari erantzuten diolako. Proiektua nahikoa aurreratuta dago, «aurrekontuak jasotzen ari gara eta beranduenera jota martxoan hasiko dira lanak». Udalak Segurako plazan kokatuta dagoen eraikin bat erosi du berriki, komunak bertan egokitzeko. 40.000 eta 50.000 euroko partida aurreikusi dute lan hauek egiteko.
Lardizabal berritzeko lanak
Gaur egun udaletxea dagoen Lardizabal jauregia berritzea izango da aurtengo beste proiektu garrantzitsuetako bat. «Europako funtsetatik 400.000ko diru laguntza jasoko dugu eta obra, %100ean finantzatuta dago». Eraikina energetikoki eraginkorragoa izateko eta irisgarritasun baldintzak bermatzeko erabiliko da diru laguntza, «herritarrei emango diegun zerbitzuari dagokionean asko irabaziko dugula uste dut», esan du alkateak. Lanak uda aldera hastea espero dute.
Aurreikusita dauden bestelako proiektuen artean, pilotalekua berritzeko 16.000 euro bideratuko dira, futbol zelaian argiteria berria jartzeko 9.000 euro eta kaleko argiteria guztia berritzeko 100.000 euro. Correos zerbitzua lekuz aldatuko da eta horretarako beste 8.500 euro aurreikusi dituzte.
Herri hezitzailea filosofia
Alderdi ekonomikoa alde batera utzita, Berdintasuna, Hezkuntza eta Gazteriarekin lotutako gaietan egingo diren lanketak ere «garrantzitsuak» izango dira ondorengo legealdian. Herri hezitzailea filosofian oinarrituta hainbat ekintza aurreikusita daude aurreko urteetan adostutakoak praktikara eramateko.
Gainera, udalaren jabetzakoa den Xexterialdeko lursailean etxebizitza berriak egiteko proiektuak aztertzen ari da udala: «Etxebizitza berriak eskatzen dituzte gure gazteek Seguran gelditu ahal izateko». Babestutakoak, alokairuzkoak edo libreak izango diren ikusteko daukate oraindik.