Mikel Azpiroz piano jotzaile donostiarraren kontzertua Igartzan
Igartza Musika Zikloko laugarren kontzertua igandean da, 19:00etan. 'Islak' azken laneko abestiak joko ditu.
Mikel Azpiroz piano jole donostiarrak hartuko du lekukoa Igartza Musika Zikloan. Laugarren emanaldia izango da, igandean, Igartzako jauregian, 19:00etatik aurrera.
Azpirozek ibilbide luze eta oparoa du. Kolaborazio asko egin ditu, sona handiko taldeekin; Duncan Dhu eta Elkano browning cream taldeekin, besteak beste. 20 bat diskotan parte hartu du, eta bere produkzio propioa ere badu Azpirozek. Musika modernoa egiten du, jazz-a eta pop-a uztartzen ditu, batik bat.
Bere azken lanak, Islak izenburupean argitaratu zuena, 2021 urtean ikusi zuen argia, eta doinu bare lasaiez osatuta dago. Gaua eta Zuri diskoen jarraipena da. Pianozko bederatzi konposizioko bilduma da, guztiak ekoizpen propiokoak. Melodietan estilo aberats eta dotorea sintetizatzen duen hizkuntza bat sortu du.
Hurrengoan, Anari
Martxoak 8, Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira, Anari kantari azkoitiarra izango da Igartza musika zikloan. Martxoaren 10ean, izango da.