Iparra Hegoako egitaraua aurkeztu dute
Martxoaren 27tik apirilaren 2ra egingo dute kultur astea. Gereziondoko ekitaldira Bidasoa etorkinen taldeko kideak eta Irungo Harrera Elkarteko kideak gonbidatu dituzte
Iparra Hegoa jaialdiaren 26. edizioko egitaraua zabaldu du antolakuntzak. Martxoaren 27tik apirilaren 2ra egingo dute kultur astea, eta hogei ekintza baino gehiago izango ditu.
Alaine Aranburu Harrera Sareko kidearen eta Alain Larrea abokatuaren hitzaldia izango da lehen eguneko ekintza nagusia. Migratzaileek hegoaldetik iparraldera igarotzeko dituzten zailtasunez hitz egingo dute, Harresia Bidasoan izenburupean. 19:00etan izango da hitzaldia, Kultur etxean. Biharamunean gaiari lotutako beste hitzaldi bat izango da, ordu eta toki berean. Kasu honetan, Ane Urizar HUHEZIko irakaslea eta Anaitze Agirre Sos arrazakeria elkarteko kidea izango dira hizlariak. Euskal Herria eta migratzaileak izango da hitzaldiaren lerroburua.
Gainerakoan, saharar eta marokoar sukaldaritza ikastaroak antolatu dituzte asteazkenerako, Amets eta Maddalen Arzallusen eta Iker Zubeldiaren arteko bertso afaria ostiralerako, eta Kontrabandaren eta Odeiren kontzertuak larunbaterako. Iparraldeko ikasleek azterketak euskaraz egin ahal izateko manifestazioa ere antolatu dute zapatuan, 18:00etan.
Kultur astea borobiltzeko, Euskal Herriko herrialdeen arteko lotura sinbolizatzen duen gereziondoko ekitaldia egingo dute igandean, 13:00etan. Herritarrez, Udalbiltzako Hautetsiez eta Ipar Euskal Herriko gonbidatuez gain, Bidasoa etorkin taldeko kideak eta Irungo Harrera Elkarteko kideak izango dira. Amaitutakoan, herri bazkaria izango da. Kuxkuxtu txarangak alaituko du bazkalostea. Sukaldaritza lehiaketako sariak banatzeko geldialdia egin ostean, Balantza taldearen berbenak emango dio jarraipena festari.
Herri bazkarirako, Gazte Egunerako edota bertso afarirako txartelak Elorripen daude salgai. Urruñako Xaian ere bai.
Iparraldean, Elorrieta
Kultur Astez kanpoko ekitaldiak ere prestatu ditu Iparra Hegoa elkarteak. Eñaut Elorrietaren kontzertua eta bi eguneko zinema jaialdia antolatu dute Urruñan, martxoko lehen bi asteburutan.
Iparra Hegoa, 26. aldiz
Baga, biga, higa… 26! Hogeita sei dantza, hogeita sei borroka, hogeita sei zirrara, hogeita sei solasaldi, hogeita sei emozio, hogeita sei txotx, hogeita sei hunkidura, hogeita sei algara… hogeita sei urtez Iparra Hegoa! Muga Langa Bota Sega!
Muga naturalik ez dago euskararen herrian eta horixe bera sentitzen dugu Iparra Hegoan harramenak sendotuz, kultura elkartrukatuz, urrunduak gerturatuz eta atzokoak gaurkotuz. Euskal Herria osatzen laguntzen dugu.
Langa eta gezurrezko hesi guztiak ireki ditzagun Euskal Herria eraikitzeko, orain dela 26 urte Urruñako Berttoli eta Segurako Elorrik sortutako harremanak fruituak ematen baitirau. Langak irekitzean ekialdetik mendebaldera eta mendebaldetik ekialdera euskal kultura uztartuz eta indartuz gozatzen baitugu Euskal Herria ikasten eta sendotzen.
Bota ditzagun bidean oztopoan jarri dizkiguten harriak eta urteroko bidaian, helburua argi izanda, urtero gauza berriak ikasiz, sentituz eta biziz momentu ahaztezin eta magikoak igaroko ditugu.
Sega har dezagun batzuek iparraldetik eta beste batzuek hegoaldetik eta elkartrukean eta elkarlanean beste behin ere ukatu nahi diguten Euskal Herria maitasunez nortasunez eraikitzen jarraituko dugu.
Maitasunarena, iparra hegoa
nortasunarena, hango hemengoa
maitasunarena ez dut banakoa
soilik Euskal Herrikoa
Anje Duhalde
Eskerrik asko apustu zoragarri honetan zabiltzaten guztioi













