Ormaiztegiko zubia, eskura
Zumalakarregi museoak Ormaiztegiko trenzubiaren maketa irisgarria aurkeztu du. Ukigarria da, ikusmen arazoak dituenak ere irudika dezan
Ikusmen urritasuna duen pertsona da Ormaiztegi trenzubiari buruzko azalpenak irakurtzen, braile sistemari esker / K. G. Z. - Goierriko Hitza
Ormaiztegiko trenzubi zaharra edonoren eskura jarri du Zumalakarregi Museoak, Irizar kooperatibaren babesarekin eta Goierri eskolaren, Ormaiztegiko Udalaren eta Begiris elkartearen kolaborazioarekin. XIX. mendeko trenzubiaren maketa bat da aurkeztu dutena, 1:100 eskalan eta plastikoz egina. Berezitasuna da ukigarria dela eta azalpenak brailez ere badituela, ikusmen arazoak dituzten pertsonek ere zubia irudikatu ahal izateko. Entzun ere egin daitezke, lau hizkuntzetan.
Gipuzkoako itsu edo ikusmen urritasuna duten pertsonen inklusioa sustatzeko Begiris elkarteko Joxean Txintxurreta kideak aitortu du “oso pozik” daudela. Salatu du ikusmen arazoak dituen jendeak artelanak “osotasunean jabetzeko arazoak” izaten dituztela, baina kasu honetan, helburua lortu dela. “Oso eskertuta gaude Goierriko eskolako ikasleek jarri duten gogoarekin, kemenarekin eta saiakerarekin gauza hauek egiteko. Sekulako lana egin dute”. Proiektuaren parte izan diren gainerako eragileentzat ere esker oneko hitzak izan ditu. “Hori da bidea”, borobildu du.
Goierri eskolako Fabrikazio mekanikoko diseinuko 22 ikaslek gauzatu dute proiektua. Unai Lizarraldek hartu du hitza guztien izenean. “Hasieratik iruditu zitzaigun proiektu oso interesgarria”, esan du. “Eskerrik asko guregan jarritako konfiantzagatik. Irakasleei ere eskerrak, eskua botatzeagatik”.
Begiriseko kideek lan “bikaina” egin dutela erantzun diete. “Ez da erraza”, azpimarratu Imanol Etxeberriak. Kontatu du San Telmo museoarekin saiatu zirela aurretik artelan batzuk irisgarriak bilakatzen, baina emaitza ez zela esperotakoa izan eta ez zituztela jendaurrean jarri. “Euskal Herriko lehen museo-pieza irisgarria da”, gaineratu du.
Jon Enrique Galartza Ormaiztegiko alkateak ere museoak halako objektu bat izatearen garrantzia nabarmendu du. “Aurrera pauso bat eman dugu gaur”, aipatu du, “ikusmen arazoak dituzten pertsonentzat irisgarria egitea pauso bat delako ondarearen promozioan eta ezagutzan”. Hori, “oso helburu garrantzitsua” dela gehitu du.
![]() Trenzubiaren maketa irisgarria hiru metro luze da. 1:100 eskalan eginda dago. Zumalakarregi Museoko sarreran kokatu dute / K. G. Z. – Goierriko Hitza |
![]() Ormaiztegiko Udaleko, Irizargo, Begirisko eta Zumalakarregi Museoko ordezkariak, maketa irisgarriaren alboan. Museoko ataria bete egin da maketa ikusteko / K. G. Z. – Goierriko Hitza |















