Urtzi Gorostiaga, Irati Goikoetxea eta Ane Arrugaeta igaro dira Ahoz Ahoko finalera
Urtzi Gorostiaga ataundarrak ikusleen babesa jaso du. Irati Goikoetxea beasaindarrak eta Ane Arrugaeta epaileei esker egin dute aurrera
Ahoz Aho lehiaketako lehen kaporaketa gaur arratsaldean jokatu da. Urtzi Gorostiaga eta Irati Goikoetxea goierritarrek egin dute aurrera, Ane Arrugaetarekin batera. Martxoaren 24an Barrena jauregian egingo den galan aktuatuko dute hirurek.
Urtzi Goikoetxeak ikusleen botoiei esker egin du aurrera. Gaztainondoaren laguna ipuina kontatu du. Gaztainondo eta pertsona baten arteko harremana du ardatz kontakizunak; gizakiak, fruituak, adarrak, enborra eta sustraia eskatu dizkio zuhaitzari. Honek eman egin dizkio, ezer ezen truke, laguntzeko asmo soilarekin. Ataundarrak kontatu du gaztainondoa amonen metafora bat dela, euren ilobengatik dena emateko prest daudelako.
Irati Goikoetxeak epaileen babesari esker egin du aurrera. Berak Masusta Gorria ipuina kontatu du. Patxi Zubizarreta idazle ordiziarraren Maitasunaren masustak ipuinean oinarritutako kontakizuna da: aita eta alaba baten arteko pasadizo bat da ipuinaren mamia. Aitak alaba ezkondu egin nahi du baina neskak ez du nahi. Tratu bat egin dute korpailoa askatzeko. Aitak, esku banatan, masusta bat hartuko du eta alabak gorri edo beltz aukeratu beharko du eta zein eskutan dagoen. Asmatzen badu, ez da ezkonduko; bestela, bai. Alabak, era oso burutsu batean, frogatu du aitak tranpa egin nahi ziola.
Ane Arrugaeta gasteiztarra izan da hirugarren sailkatua. Hau ere, epaileen bidez. Maritxuri gustatzen zaion istorioa kontatu du. Krokodilo bat zela uste zuen erensuge baten ipuina da.
Bost ipuin kontalari lehiatu dira denera gaurkoan. Amaia Pagola tolosarra eta Vannesa Gonzalez arrasatearra izan dira beste biak. D’Elikatuz aretoa bete egin da ipuin kontalarien jarduna entzuteko. Duo Didyma bikoteak musika jarri dio arratsaldeari.
![]() Amaia Pagola – Ahoz Ahoz / K. G. Z. – Goierriko Hitza |
![]() Ane Arrugaeta – Ahoz Aho / K. G. Z. – Goierriko Hitza |
![]() Urtzi Gorostiaga – Ahoz aho / K. G. Z. – Goierriko Hitza |
![]() Vanessa Gonzalez – Ahoz Aho / K. G. Z. – Goierriko Hitza |
![]() Irati Goikoetxea – Ahoz Aho / K. G. Z. – Goierriko Hitza |
![]() Ahoz Aho – Taldeko argazkia |


















