Idiazabal, indiano herria
Idiazabalgo Altolagirrenea etxea Altolagirre anaien aginduz eraiki zen XX. mendearen hasieran. Aspaldiko urteetan utzita egon eta gero, bizi berri bat emango diote, bertan luxuzko bederatzi etxebizitza berri eginez.
Hainbat eta hainbat izan ziren XIX. eta XX. mendeetan Amerikak egitera emigratu zuten idiazabaldarrak. Horietako batzuk dirutza handia egin zuten eta itzulitakoan, jaioterrian, beren aberastasunaren arrastoa utzi zuten. Ameriketan barrena egindako bidaia haien lekuko dira Idiazabalgo indiano etxeak. Horietako bat da Altolagirre Enea edo Txomenane bezala ezagunagoa dena. Azkeneneko urteetan urrezko garai baten itzala baino ez da izan Altolagirre Enea, baina orain, aro berri bati ekiteko puntuan dago. Luxuzko bederatzi etxe egiteko proiektua mamituta dago jada, eta ostegunean aurkeztuko dute jendaurrean.
Joseba Agirrezabala historialari eta irakasle idiazabaldarrak, Ameriketara emigratu zuen Idiazabalgo Altolagirre familiaren historia ikertu zuen, hain zuzen, Historia gradu amaierako lana egiteko, 2015ean. Agirrezabalak kontatu duenez, «Altolagirretarrak Idiazabalgo Zabarain baserrikoak ziren jatorriz». Ameriketara joan aurretik ere, «maila sozial handiko familia» zela azpimarratu du. Altolagirre familiako lau seme joan ziren Ameriketara: bi Argentinara eta beste bi Kubara. Nekazaritzan eta abeltzaintzan aberastu ziren Argentinara joandako Altolagirretarrak, eta azukrearekin egin zuten dirutza Kubakoak.
Lortutakoa erakusteko
Behin Ameriketan aberastu eta Idiazabalera itzuli zirenean, Txomenane baserria erosi zuten Altolagirretarrek. «Ez zen kasualitatez erositako lursaila izango ziurrenik, herri erdian baitago», zehaztu du historialariak. Baserri zaharra bota zuten eraikin berri bat egiteko: «Altolagirre Enea izena jarri zioten etxeari eta Ameriketan izandako arrakastaren isla garbia zen». Agirrezabalaren iritziz, Altolagirre Enea ez da arkitekturaren aldetik «Idiazabalen dagoen eraikin ikusgarriena, baina elizaren ondoan kokatua egoteak, duen tamainak eta etxearen inguruan zegoen lorategiak —gaur egun Txomenane lorategi botanikoa dena— garbi uzten zuten familia honen boterea».
Altolagirre Enea ez da Idiazabalen dagoen indiano etxe bakarra. «Jauregialtzo sendiak Pilarrenea delakoa eraiki zuen, adibidez.». Erretiroa igarotzeko egin zituzten etxeak indianoek, Altolagirretarrak esaterako, «ez ziren Idiazabalen bizi, Donostian baizik. Uda sasoia igarotzera etortzen ziren hona», esan du Agirrezabalak. Etxea zaintzeko hainbat pertsona izaten zituzten lanean, «baratza ere bazuten eta bertako produktuak astero eramaten zizkieten Donostiara».
Luxuzko etxebizitzak
Orain bi edo hiru hamarkada etxea hutsik geratu zen eta utzita izan dute jabeek. «Udalarekin arazoak izan zituzten eta lorategia desjabetu zieten». Gaur egun herriko gune berde handiena da Txomenane parkea.
Jabeekin akordio batera iritsita, eraikin historiko honetan luxuzko etxeak egiteko proiektu bat abian dagoela azaldu du Idiazabalgo Alquizal higiezinen agentziako Maite Fernandezek. «Guztira bederatzi etxebizitza egingo dira kooperatiba sortuta». Ostegunean informazioa bilera deitu dute, 18:00etan, udaletxeko areto nagusian. Interesa duten guztiak daude bertara gonbidatuta.