Joan Arinen Ataungo toponimia bilduma jaso eta digitalizatu dute
Txema Zubizarreta ataundarrak egin du bilketa, Euskaltzaindiko Onomastika zerbitzuaren gidaritzapean eta udalarekin itxitako itun bati esker. Ataungo 9.000 leku izen baino gehiago zituen Arinek.
Zenbat eta gehiago arakatu, orduan eta harrigarria suertatzen da Joan Arin Dorrontsoro Don Joan Txiki etnografoaren (Ataun, 1892 – 1972) lana. Lehendik argitaratutako lauzpabost libururen ondareari, toponimiaren esparruan ondutako «urre gorrizko altxorra» gehitu diote orain. Material toponimico izen generikoaren azpian jaso zituen Ataungo 9.331 toponimo edo leku izen, mapan kokatuta eta etimologia proposamen batekin, aurkeztu dituzte Ataungo Udalak eta Euskaltzaindiak.
Joxemartin Apalategi Bekarekin gauzatu du Txema Zubizarreta ikertzaile ataundarrak lana, bi erakundeen hitzarmenaren baitan. Arinen berrogei urtean bildu zituen Ataungo lekuen izenak. Herri osoa 25 gunetan sailkatu zuen, eta karpeta bana eskaini zion bakoitzari. Etxe, etxola, iturri, putzu, otadi, zelai… garai bateko Ataun erakusten dute izenek, bertako ohiturak, geografia, landaredia, fauna, gertaera, pertsonaia eta bestelako informazio gehigarri ezin estimatuagoaren iturri.
«Herria sakon arakatu zuen, eta leku izenak tokian bertan in situ jaso zituen: 8.745 izen. Eta urtetan aldaerak ere bildu zituen, 9.331ko kopururaino ailegatzeraino», azaldu du Zubizarretak ondorioen bideoan.
Argitaratzea, hurrengo zeregina
Jaso bakarrik ez. «Ikuskor» egin zuen Ataungo toponimia Arinek. Eskuz bildutakoa idazmakinaz pasatu, eta planoak gehitu zizkion gero, izen bakoitza tokian fisikoki kokatzeko lan eskerga eta baliotsua eginez. «Zer eta non jaso zuen, lanaren borobiltasuna lortuz».
Euskaltzaindiko Onomastika zerbitzuaren gidaritza eta laguntza izan du Zubizarretak, beka eta hitzarmena tarteko. Paskual Rekalde izan da bekako epaimahaiko kide, Luis Mari Zaldua zuzendari akademiko, eta Onomastikako arduradun Mikel Gorrotxategi laguntzaile.
«Errespetu oso handiarekin hasi nintzen, lan honetarako egokiena ote nintzen zalantzati. Euskaltzaindiaren babes osoarekin, lan gustagarria izan da, maisu oso onak izan ditut, eta asko ikasi dut. Merezi zuen lanak, gauza txukuna egin dugu», azaldu du Zubizarretak.
Ataungo toponimia ondarea digitalizatu ezezik, izen bakoitzarekin fitxak sortu dituzte, hainbat informazio erantsita. Arin eta Apalategi familiei eskerrak eman ondoren, lana «jasota, digitalizatuta eta araututa» geratu dela txalotu du Martin Aramendi alkateak. «Ea publikazio pare batean argitaratzen dugun. Planoak gaur egungo kartografiara ekarri nahi ditugu».
Baserrien lana
Lan «mekanikoa» geratzen da egiteko, batik bat. Hala, Euskaltzaindiarekin udazkenean beste hitzarmen bat adostea gustatuko litzaiokeela gehitu du alkateak. Bestetik, ikastetxeentzat material didaktiko modura eskaintzeko asmoa ere badago, eta aurki zabaltzekotan diren Aiako Interpretazio Zentroan hango leku-izenek presentzia izango dute. «Jada prest dago hangoa».
Arin familiak, bere aldetik, aspaldiko nahia beteta ikusi du, Joan Arin osaba hil eta 50 urtera. Eskertsu agertu dira, toponimia zelako tiraderan gordeta zegoen ondare baliotsu bat. «Beste atal bat ere badago, Ataungo baserriei buruz Don Joan Txikik egin zuen ikerketa. Ineditoa da».
Joxemartin Apalategi antropologo zenaren anai-arrebak ere izan ziren atzoko aurkezpenean, Ataungo udaletxean: Jokin Apalategi soziologoa eta Jaione Apalategi pedagogoa. «Lanaren handitasuna» nabarmendu du Jaione Apalategik. Emozioen gaia jorratu du bere hitzartzean: «Arinen azalean eta garaian jarrita, zer izan zen bere toponimia eta beste ekarpen guztietan aldarte emozionalik garrantzitsuena, horrek erakarri nau. Emozio positiboak bere egin zituela ikusten dut».
Jokin Apalategik, bere aldetik, Zalduak idatzitako hitzaurre mamitsua goraipatu du, eta horren atzean «amaierarik ez duen lana» dagoela balioetsi. «Barandiaranekin ikerketa batzuetan ibilitakoa naiz. Hura Europa guztian mugitu zen, eta Arin Ataungo txuloan, apaltasun ikaragarriarekin, goxo eta isil, baina langile porrokatu. Batek orokorrean landu zituen gaiak, Arinek Ataunen aplikatu zituen. Nola auto-formatu zen ere harrigarria da. Ikertzeko gauza asko daude oraindik, baita ataundarrontzat ere».
Luis Mari Zaldua izan du zuzendari zientifiko Arinen toponimia bildu, antolatu eta sailkatzeko ikerketak. Altxortzat jo du Zalduak: «Euskal Herrian gutxi izango dira Ataunek bezalako onomastika ondarea duten herriak».
Hizkuntzaren alorrerako ere, hiztegitarako batez ere, balio handia ikusten die leku izenei. «Azken helburua Joan Arinek bildutako izenekin eraturiko corpusa edo datutegia estandarizatzea eta gizarteratzea da». Aurretik, ordea, toponimia arautu beharra dagoela ohartarazi du.