Olaberriko gazteria, herri giroa suspertzeko batuta
Herrigintzan ekimena hartu dute gazte olaberritarrek, taldea osatuta. Ekitaldiak antolatuko dituzte, elkartu eta gazteria bertan bil dadin.
Olaberriko Gazte Taldea sortu dute. Herriko hainbat gaztek iaz eman zuten pausoa aurrera, eta Olaberriko giroa, lagunartea eta hortik sor daitezkeen ekimen gehiago suspertzeko asmoz, elkartzen hasi dira. Aurrenekoetariko ekintza, Euskal Herriko Mus Txapelketako kanporaketa antolatzea egin zuten. Baina izango dira gehiago, martxoko azken asteburuko Gazte Festak, esate baterako.
Gazteei zuzenduta ekintza antolaturik ez zegoela ikusita, eurek hartu dute ardura. «Herri giro pixka bat jartzeagatik sortu dugu taldea, urtean zehar ekintzak antolatzeko», azaldu du Itoitz Urkiolak.
Gazteak, «uste baino gehiago» daude Olaberrian. Elkar ezagutu eta hartu-emana egitea falta zitzaien, ordea, eta sakanabaketa iraultzeko bilgune edo «aitzakia» bat eraikitzea.
Talde eragile bat elkartzea izan zen lehen egitekoa: «Herrian harreman handia daukagun batzuek talde txiki bat sortu genuen, eta gero herri mailako taldea. Udalak Whatsappeko difusio taldea dauka, eta herriko leku askotako gazteak sartu gara». Hor ari dira oraingoz.
Adin askotako 30 bat lagun
Oraingoz, taldean 30 bat gazte daude, 15 urtetik hasi eta 32-33 urtera bitartekoak. «Askok ez genuen elkar ezagutzen. Batzuk Beasainen bizi ziren, eta berriro Ihurrera etorri direnak, denetik dago. Taldean sartu dira haiek ere, eta ekarpenak egiten dituzte», gehitu du Urkiolak.
OGTren asmoa «herri giroa suspertzea» da. «Kanpotik etorri baino gehiago, herrian bertan giroa sortu nahi dugu. Olaberriko festetan ere gazte batzuek Segurara alde egiten dugu. Egun bat beti jartzen dugu herriko gazteak geure artean geratzeko, baina herriko jendea ere ez da geratzen. Ihurreko jendeak ere joera Beasainera dauka, eta herrira gutxi igotzen dira; umetan jolasera bai, baina gaztetan juergara edo kirolera ez».
Egun seinalatuetan
Museko antolaketaren lekukoa hartu duten bezala, Martxoaren 8an, Euskararen Egunean edota halako egun seinalatuetan bere alea jarriko du OGTk. Olaberrian emakume talde bat sortzen ere ari dira, eta haiekin batera zerbait egiteko asmoa azaldu dute; Kuttun guraso elkartekoek ere dagoeneko jo dute gazteengana.
Asteburuetan ekitaldiak edo kontzertu txikiak antolatzea da hartu nahi dute beste ildo bat, herriko gazteak –eta olaberritarrak, oro har– bertan gera daitezen. Batzeko «aitzakiak» ipini, horren aitzakiarik izan ez dadin.
Ataunen, Torto asanbladak dei egin die gazteagoei
Gazteria mugitzen ari da. Olaberrian bezala, Ataunen ere Torto gazte asanblada orainak jarraipena izan dezan lanean ari da. Lehengo ostiralean bilera egin zuten, belaunaldi gazteagoekin, asanbladaren dinamikaren berri eman eta bertara batu daitezen gonbita egiteko.
«Beharra dagoela ikusten dugu gazteagoei ere transmisio hori egitekoa», azaldu du Maria Regilek. Ekain hasierako Gazte Eguna antolatzen hasteko ere baliatu dute juntadizoa. Martxoaren 25erako, bestetik, kinto festa antolatu dute.