Beasaingo 41. Usurbe txirrindulari proba bertan behera geratu da
Ertzaintzak dio ezin dituela agente eta ibilgailu gehiago jarri lasterketetan, eta moto-lotura lanak egin dituzten motor gidariek uko egin diote gabezia hori estaltzeari aseguru zehatz batekin ez bada. Larunbatean zen jokatzekoa kadete mailako proba hori.
Kadete mailako Beasaingo 41. Usurbe txirrindulari proba –Mikel Etxeberriaren 31. Oroimenezkoa– bertan behera geratu da. Hala jakinarazi du Loinatz Txirrindularitza Elkarteak ohar bidez.
Proba bertan behera uzteko arrazoi nagusia lasterketaren segurtasunarekin lotuta dago. Ertzaintzak dio ezin dituela agente eta ibilgailu gehiago jarri lasterketetan, eta moto-lotura lanak egin dituzten motor gidariek uko egin diote gabezia hori estaltzeari aseguru zehatz batekin ez bada.
Hainbat iturrik diotenez, Ertzaintzaren trafiko zerbitzuan gero eta agente gutxiago dago, eta gabezia horiek estali izan dituzte orain artean moto-lotura lanak egin dituzten motor gidariek. Moto-lotura lana ez dago lanbide profesional modura izendatua, eta ez dute aseguru zehatzik. Aseguru polizek motor-gidariak kubritzen dituzte, baina ez haien motorrak eta haietan eramaten dituzten materialak.