Emakumeen margolanak, kalean
Kimetz Emakumeen Elkarteak antolatuta, udaletxeko arkupeetan margotuko dute Barrenan eskolak jasotzen dituzten hainbat emakumek, bihar. Hilaren 20an ikusgai jarriko dituzte egindako lanak.
Kimetz Emakumeen Elkarteak margolaritza kalera aterako du beste behin, bihar. Urtero martxoaren 8aren bueltan antolatu ohi dute ‘Emakume margolariak: kalean margotzen’ ekimena, eta aurten ere ez dute hutsik egingo. 9:30ean hasiko da. Udaletxeko arkupeetan jarriko dira eta bertan egingo dituzte haien margolanak. Ordiziako emakumeek parte hartuko dute. Margolaritza eskolak jasotzen dituzte Patxi Morales margolariaren eskutik, Barrenan, eta ekimenaren bidez, eskoletan egiten duten lana kalera ateratzeko eta herritarrei erakusteko aukera izango dute. Artearen bidez, espazio publikoa hartuko dute Kimetzen ekimenarekin bat egiten duten emakumeek. Ondoren, martxoaren 20tik 26ra, egindako lanak erakusgai jarriko dituzte Barrena Kultur Etxean egingo duten margolan erakusketan.