Itsasok auzo udal izateko parte hartze prozesua jarri du martxan
Itsasoko batzordeak, Siadeco Ikerketa Elkartearen laguntzarekin eta Ezkio eta Itsasoko herritarren parte hartzearekin, tokiko erakunde txiki edo auzo udal izateko prozesua martxan jarri du.
2020an, Espainiako Auzitegi Gorenak Itsaso udalerri izateko erabakia atzera bota zuenetik udalerri bakar dira berriz Ezkio eta Itsaso. Hala ere, 2021ean bi aldeek adostutako hitzarmenean jasotakoaren arabera, Itsasok udal propioa zen garaian eskaintzen zituen hainbat udal zerbitzu eskaintzen jarraitzen du. Itsasoko batzordeko Gorka Sasietak esan duenez, «urte beterako sinatu genuen hitzarmen hau, baina prozesua nahi baino gehiago luzatzen ari da». Auzo udal izendapena lortu arteko behin-behineko funtzionamendu irizpideak jasotzen ditu hitzarmen honek.
Auzo udal izateak nolabaiteko entitate juridikoa emango dio Itsasori, «jabetzak edukitzeko edo udalaz gaindiko erakundeetan diru laguntzak eskatzeko eskubidea», besteak beste.
Foru araua aldatzea
Itsasori auzo udal izatea ahalbidetuko dion foru araua aldatzeko prozesua azken fasean da. «Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikarien eskuetan dago orain auzia. Behin foru araua onartuta Itsason galdetegi bat egingo da eta beharrezko txostenak aurkeztu eta gero azken onarpena emango zaio», dio Sasietak.
Txosten horretan «etorkizuneko auzo udal horren bideragarritasuna bermatu»behar da. Hain zuzen, prozesu parte hartzaile baten bitartez ari dira txostena Ezkioko eta Itsasoko herritarrekin batera lantzen. Siadecok bideratuta, bi saio egin dituzte —bata Ezkion eta bestea Itsason— prozesuaren nondik norakoak azaltzeko. Galdetegi bat ere osatu dute. «Orain koordinazio lan taldeari dagokio, galdetegian jasotako informazioarekin ibilbide horri bat zehaztea».
Behin ibilbide orria zehaztuta, beste bi saio egingo dituzte Ezkion eta Itsason martxoan zehar, «azken emaitza herritarrei azaldu eta bertan jasotakoa kontrastatzeko». Aldundiak foru arauaren aldaketa behin egikarituta, «tramite ofiziala martxan jartzea» baino ez da geldituko.