Martxoan Bertsoko lehiaketa plaza berriekin dator
Kanporaketa bat Zumarragan jokatuko da, lehenengoz. Beste biak Aitube Berrin eta Soraluzen jokatuko dira. Hiru ikuskizun ere antolatu dituzte.
Ostiral honetan hasiko da aurtengo Martxoan Bertsoa zikloa, taldekako txapelketako lehen kanporaketarekin. Txapelketaz gain, Ane Zubeldia eta Eider Adeletxen Hitz esana emanaldia, bertso musikatu saioa eta Miseriaren adarrak ikuskizuna antolatu dituzte.
Taldekako bertso txapelketak bi berrikuntza ditu: hiru kanporaketak sekula zapaldu gabeko tabernetan egingo dira eta kanporaketetako bat Zumarragan jokatuko da, lehenengoz.
Kanporaketak Aitube Berri, Soraluze eta Urola tabernetan egingo dira. Aitube Berri eta Soraluze gazteengana heltzeko aukeratu dituzte. «20. edizioaren ondoren, nolabaiteko belaunaldi haustura bat ikusi genuen. Horrek, publiko berri batengana iristea zailtzen zuen, ezbairik gabe», azaldu du Mikel Iturriotz bertso eskolako kideak. «Ziklo honek irautea nahi badugu, gure erronka nagusia gazteagoengana heldu eta eurak integratzea da. Bere garaian bertsoak tabernetara, alegia, jendearengana eramateko apustua egin zen, eta bistakoa da ondo atera zela. Oraingo honetan, bertsoa gazteen ohiko tabernen artean dauden Aitube Berri eta Soraluzera eraman nahi dugu».
Lehen kanporaketa ostiral honetan jokatuko da Aitube Berrin, bigarrena martxoaren 10ean
Soraluzen eta hirugarrena martxoaren 17an Urolan. Finala martxoaren 24an jokatuko da, gaztetxean. Saio guztiak 22:30ean hasiko dira.
Taldekako txapelketaren hogei edizio jokatu dira eta oraindik ez da kanporaketa bakar bat egin Zumarragan. Martxoaren 17koa lehenengoa izango da. Bertso eskolako kideek ostiraleko pintxo-potean geltokiko auzoan sortzen den giroa baliatu nahi dute.
Bertso eskolako arduradunek aurtengo txapelketa azken urteetako indartsuena izango dela uste dute. Izan ere, bertso eskola irekiak egin dituzte ostiralero Urretxuko kultur etxean, txapelketan kantatu nahi zuten horiek bertsotan trebatzeko aukera izan zezaten.
Astero lagun mordoxka bat elkartu dira eta horrek fruituak eman ditu. Izan ere, bederatzi taldek parte hartuko dute. Iaz baino talde bat gehiagok. Horrez gain, orain arte kantuan inoiz aritu gabeko gazte mordoxka batek parte hartuko du.
Hiru ikuskizun
Txapelketarekin batera, hiru ekitaldi antolatu dituzte. Martxoaren 16an Ane Zubeldiak eta Eider Adeletxek Hitz esana emanaldia egingo dute Zumarragako Zelai Arizti kultur etxeko areto nagusian, 19:00etan.
Apirilaren 1ean, bertso eskolako kideek bertso musikatuak abestuko dituzte. Emanaldia gaztetxean izango da, 19:00etan. Bukatzeko, apirilaren 15ean Miseriaren adarrak ikuskizuna egingo dute Labeaga aretoan. 18:00etan hasiko da.
Bertso eskolako kideak ostirala heltzeko irrikatan daude. «Gogotsu gaude. Uste dugu egitarau polita osatu dugula, eta herritarrak motibatuta eta ilusioz ikusten ditugu. Osagai guztiak ditu aurtengoak, beraz, Martxoan Bertsoko ziklo arrakastatsu bat izateko. Hasi dadila festa!», esan du Beñat Torresek.